Errimak lotuz hirugarren postura
Iñaki Apalategi bertsolari beasaindarrak hirugarren postua eskuratu du Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko lehen faseko bigarren kanporaketan, Arrasaten.
Iñaki Apalategi bertsolari beasaindarra Arrasaten izan da gaur, Amaia Antzokian egin duten Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketan. Bertan Joanes eta Xabat Illaregi, Saioa Alkaiza, Miren Amuriza eta Gorka Pagonabarraga izan ditu aurrean eta errimaz errima hirugarren postua eskuratu du beasaindarrak. Guztira 664 puntu eskuratu ditu lehen erronka honetan, nahiz eta ez duen Joanes Illarregi eta Saioa Alkaiza garaitzerik lortu.
Ohikoa denez, hasierako agurrarekin eman die hasiera saioari eta jarraian 8ko handian aritu da Apalategi, Amurizarekin batera, eta bikote harremaneko elkarbizitza eta erabakien inguruan aritu dira egoera baten bueltan. Ondoren, 8ko txikira egin du jauzi, Xabat Illarregirekin batera aita-semeen paperean aritu dira kantuan. Saioko hirugarren atala bakarka egin du, puntuei erntzunez, Euskal Herria gai hartuta. Joanes Illarregirekin aritu da hurrengo txandan, 10eko txikian, abokatu paperean. Azkenaurrenean ere bakarka aritu da, gaia jarri diotelarik. Amaiera emateko, bukaerako agurra kantatu du eta froga hauek guztiak pasa ondoren, emaitza polita lortu du: 664 puntu eta hirugarren postua Arrasateko saioan.
Horrela geratu dira puntuazioak:
- Joanes Illarregi 678 puntu
- Saioa Alkaiza 673 puntu
- Iñaki Apalategi 664 puntu
- Xabat Illarregi 659 puntu
- Miren Amuriza 646,5 puntu
- Gorka Pagonabarraga 616 puntu