Ausa Gazteluren magalean egin nahi duten pista "legez kanpo" dagoela salatu du Eguzki erakundeak
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako proiektua errefusatu du Eguzkik eta iradokizunak eta ekarpenak egin ditu.
Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak iradokizunak eta ekarpenak aurkeztu ditu Egido herri onurako mendian pistak eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arruntean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza nagusiak Aralarren, Abaltzisketako lurretan, Ausa Gaztelu mendiaren magalean egin nahi du pista sarea. Uztaila hasieran Aldundiak berak emandako argibideen arabera, pisten helburua da, Albatzisketako Egido mendi publikoko izei eta pago landaketa eremuetan baso lanak egitea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere webgunean argitaratu zuen uztailaren 5ean, pista horiek eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko kontsulten izapidea hasi zuela. Ekos Estudios Medioambientales S.L.U. enpresak osatu duen txostena ere irakur daiteke bertan, eta iradokizun eta ekarpenak aurkezteko epea zabaldu zuen.
Txostenaren arabera, proiektuaren xedea, 5. eta 6. unadetako baso masetan baso lanak egingo dituzten lanak burutzeko bi eremuetara sarbidea eta lanak egitea ahalbidetuko duen pista-sare bat egitea da, momentu honetan dauden azpiegiturak ez direlako nahikoa burutu nahi dituzten lanak egiteko. Bestalde, basoen kudeaketa ahalbidetzeko helburuaz gain, proiektatutako pistek aukera emango dutela Abaltzisketa udalerriko artzainen lan baldintzak hobetzeko.
“Babes berezia duen eremua da”
Lehen momentutik, kezka agertu zuten Landarlan eta Naturkon ingurumen taldeek, eta proiektu berri honek sortzen dien ezinegona gizarteratzeko agerraldia egin zuten Larraizko langan, uztailaren 20an. Pista proiektuaren «% 90a» natur parkeko babes barrutian dagoela ohartarazi zuten. Hura babesten duen legediaren arabera, «pistetatik kanpo, berez ibiltzen den makineria astunarekin lan egitea debekatzen da, lurzorua eraldatu dezaketen lan guztiak debekatzen dira aldaketa zuloak egiteko eta sarbideak iraunarazteko lanak salbu, eta egur materialak menditik ateratzeko, kablea edo lurzoruarentzat inpakturik ez duen antzeko erabideren bat erabiltzea ezinbestekoa izango da”.
Orain, Eguzki erakundeak jakinarazi du, proiektua errefusatu, eta iradokizunak eta ekarpenak aurkeztu dituela. Erakunde ekologistak gogoratu du, “Lakuako Gobernuak 1994 urtean Aralar Parke Natural izendatu zuen, eta 2013an, Natura 2000 Sarean sartu zuen Kontserbazio Bereziko Eremu gisa”. Hortik aurrera, babes berezia izan arren, ” Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere erakunde kudeatzaileak, eraso gehiago egin zizkion gune babestu horri, eta mehatxu handiena pista berrien sarea izan zen, eginak eta planifikatuak, artzaintza intentsiboari bultzada emateaz gain”.
Arau horren helburua da, Aralarren batasunaren intereseko fauna eta florako basa-espezieen habitat naturalak kontserbazio egoera onean mantentzen edo berrezartzen direla bermatzea.
Horren harira, nabarmendu dute, Euskal Autonomia Erkiderako intereseko habitaten %75 baino gehiago kontserbazio egoera txarrean daudela, eta soilik %23 dutela aldeko ebaluazioa. Okerren kontserbatutako euskal habitatak, hain zuzen ere, “kostaldekoak eta basoak” direla adierazi du Eguzkik.
Gauzak horrela, “Aralar babesteaz arduratzen den Foru Aldundiak, legez kanpo eraiki nahi du bederatzi kilometroko pista berria, Aralarko babes eremu batean”, eta horrek izango duen “ingurumen inpaktua kontutan hartu gabe”. Eguzkik azaldu duenez, “uretan, lurzoruetan, fauna basatian eta Aralar mendilerroko akuifero karstikoaren kutsadurarekiko oso kalteberatasun handiko eremuan Zaldibiako edo Osinbeltz eremuetako edateko ur hornidura kolokan jarriz”.