Enea kooperatiba legorretarrak 2022ko Diseinu Sari Nazionala irabazi du
Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak banatzen du saria, eta estatu mailan, diseinuaren sektorean diharduten profesional eta enpresen lana nabarmentzen du.
Enea enpresa legorretarrak 2022ko Diseinuko Sari Nazionala lortu du. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak ematen duen sari hau sektoreak nazio mailan duen aitorpen handiena da. Sari horiek Estatu mailan diseinuaren arloan bultzada garrantzitsua suposatu du, sektorean lan egiten duten profesionalak eta enpresak aintzatesten baititu.
1984 urtean sortu zuten Enea Kooperatiba. MONDRAGONeko Ekipamendu Dibisioan integratua, gama altuko altzariak diseinatu eta fabrikatzen ditu, eta Legorretan dituen instalazioetatik 200.000 pieza baino gehiago ateratzen dira urtero. Ekoizpenaren % 89 bost kontinenteetako 42 herrialdetara esportatzen dute.
“Tokiko ingurunearen eta bertako nortasun- eta kultura-ezaugarrien aldeko apustu irmoa, ingurumenarekiko eta materialen tratamenduarekiko errespetu ukaezina, langileekiko konpromiso etikoa eta diseinuarekiko maitasuna, baita enpresaren oinarrian dauden kooperatibismoa, gizarte-ekonomia eta etengabeko prestakuntza” dira, Zientzia eta Hezkuntza Ministerioak saria emateko nabarmendu dituen ezaugarriak. Era berean, “sormenaren, abangoardiaren eta bikaintasunaren bilaketa etengabea” ere txalotu ditu.
Ia 40 urteko ibilbideari saria
Enea kooperatibarentzat sari garrantzitsua da, “orain arteko ibilbidea saritzen du”. Enearen giltzarriak dira “berrikuntza, fabrikazio iraunkorra, diseinu garaikidea eta jasangarritasuna”. Konpainiaren zuzendaria den Juan Saenz de Argandoñak adierazi duenez, “Eneak mugarri berezia ezarri du Espainiako diseinu sektorean; izan ere, kooperatiba gisa sortu eta hala funtzionatzen jarraitzen du, horrek dakarren ekarpen sozial guztiarekin”.
“Enea mugarri berezia da Espainiako diseinuan, kooperatiba gisa sortu baitzen – eta horrela jarraitzen du –, eta marka horretan taldeko kideak dira, gainera, proiektuaren jabeak. Horrek dakarren osagai sozial guztiarekin. Gauzak egiteko beste modu bat posible dela erakutsi dugu, eta munduko beste enpresa batzuekin lankidetzan, ingurunearekiko konpromisoa eta jasangarritasuna ditugu oinarri”.
Helburu jakin batekin hasi zuen bere ibilbidea enpresa honek, “pertsonen bizitzan inspiratutako altzariak diseinatzeko eta fabrikatzeko”. Altzari horiekin, “mota guztietako espazio publiko eta pribatuak -etxe, jatetxe, bulego, ikastetxe nahiz ospitale- hornitu” nahi zituzten.
Diseinuaren, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren aldeko apustuak Alberto Lievore (1999ko Diseinuko Sari Nazionala), Josep Llusca (1990eko Diseinuko Sari Nazionala) eta Gabriel Teixido diseinatzaileekin kolaboratzera eraman du, besteak beste.
Enearen proiekturik esanguratsuenak Bilbon, Logroñon, Malagan eta Marbellan dauden kongresu-jauregiak, Australiako Central Park Sydney Mall, Bredako Rabobank bankua (Holanda), Tokioko Nishogakusha Unibertsitatea (Japonia), Singapore University of Technology & Design eta San Frantziskoko (AEB) Pinteresten bulegoak dira.