Finalaurrekoak eskura dituzte Nerea Elustondok eta Iñaki Apalategik
Biak Bertsolari Txapelketa Nagusiko hurrengo fasean izango dira ondo bidean, puntuei esker, saiorik ez baitute irabazi. Legazpiarrak ia 700 puntu lortu ditu. Apalategik, 664
Iñaki Apalategik eta Nerea Elustondok Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietan abestuko dute, seguruenik. Bietako inork ez zuten lortu norberaren saioa irabaztea eta zuzenean sailkatzea, baina pilatutako puntu kopuruak baikorrak izateko aukera ematen die. Elustondok 695 puntu bildu zituen; Apalategiren saioan garaile izango zatekeen, baina Alaia Martinek 43 puntu gehiago lortu zituen eta bigarren egin zuen. Apalategik bosgarren amaitu zuen, 644 punturekin.
«Uste dut denetan asmatu nuela eta denetan egin nuela hanka sartzeren bat. Bataz bestekoa, balekoa», laburbildu zuen Nerea Elustondok. Behetik gorako saioa egin zuen, bere lanik txarrena 8ko handian egin baitzuen epaileen iritziz. «Oso kezkatu nentorren. Bertigo dezente ematen zidan lehen kanporaketa izateak, oholtzako zaharrenak izateak… Beldurtuta hasi nintzen»: Oihana Bartrarekin bikotea osatu zuen. Lagundutako ugalketa bidez guraso izandako bikote bat irudikatu zuten. Bartrak kontatzeko beharra sentitzen zuen baina Nereak nahiago zuen isilpean gorde. Puntuetan, turismoari buruz, beste inor baino hobeto aritu zen.
Beasaindarra «konforme»
Apalategik «konforme» amaitu zuen herenegun, Arrasaten. «Sentsazio onak izan ditut eta ofizio denak atera ditut». Epaileen ustez 10eko txikian beste inor baino hobeto aritu zen, abokatu hasiberri baten paperean. Ganbarako proban, baina, «deszentratu» egin zen. «Pena, alde egin zidan». Autoa hartu duzu bila joateko. Iristear zinela, ordea, buelta ematea erabaki duzu zen gaia.
Bi goierritar Europan
Beste bi goierritarren txanda izango da asteburu honetan. Amaia Iturriotz urretxuarrak eta Iban Urdangarin ataundarrak Gasteizko (Araba) saioan abestuko dute, Europa Jauregian, 17:00etan.
Iturriotzentzat txapelketa nagusian lehen aldia da. Goiberri aldizkariari aitortu zion «aukera, oparia eta inoiz jarri gabeko helburua betetzea». «Lehenengo kanporaketa gainditzea izugarria litzateke. Zaila dela badakit, baina aukera egongo balitz, izugarria litzateke, aurreratzen jarraituko genukeelako».
Urdangarin ere aurrera egiteko gogoarekin baina presiorik gabe lehiatuko da. «Txapelketako ibilbidea Gasteizen bukatzen bada ez dut disgustu handiegirik eramango baina aurrera banoa, hobe», esan zuen Goiberri astekarian. Izan ere, aitortu zuen «izugarrizko zalantzak» izan zituela izena eman ala ez erabakitzeko, pandemiak «erabat» desanimatu zuelako. «Saiorik ez baldin badaukat txapelketak eta gainerakoak alperrik dira. Hala ere, izena eman nuen eta aurtengo udan saioak mugitu dira eta, alde horretatik, gustura nago».
Kantatzen azkena, Akizu
Maialen Akizu hamabost egun barru hasiko da lehian.