«Ikusten ikastea da margolaritza»
Erretiroa hartu du Telleriak: margo denda itxi du, eta eskolak emateari utzi dio. Baina margotzeari, ez. 'Arimaren margolariak' telebista saioan egin zen ezaguna, baina 50 urteko ibilia darama jada artearen munduan. «Esperimentatzen» jarraitu nahi du. 'Berria'-tik hartua.
Agoarras usain sarkor bat dago atarian. Itxita erretirongatik jartzen du Beasaingo (Gipuzkoa) Xunai Artea dendaren atean, paper batean, baina atea ez dago itxita. Argia ikusten da hondoan, tailerrean, eta txirrinak jo egiten du oraindik atean aurrera egindakoan. Eskuak trapu batekin igurtziz dator Jokin Telleria (Ataun, Gipuzkoa, 1956). «Barkatuko didak, ezin diat eskurik eman. Agoarras botila erori zaidak oraintxe bertan txukunketetan nenbilela». Ekainean hartu zuen erretiroa. Itxita dauka denda. eta utzi egin dio eskolak emateari. Friasen (Burgos, Espainia) margotu zuen paisaia eder bati ari da azken ukituak ematen. Trebeziaz darabiltza pintzelak, eta patxadaz ahotsa. ETB1eko Arimaren margolaria saioan ezagutu zuten askok, baina aspalditik da haren jarduna ezaguna Goierriko partean. Agerian gelditu da: margotu liteke arima margoz, eta hitzez.
Margolari bat Zeraingo baserri baten kanpoaldean. Zer ari ote zen koadro hartan margotzen?
Margotzeak berak deitu zuen nire arreta, margotzen ari zenak baino gehiago. Gaztelu zen baserria, eta auzoa ari zen margotzen. Gogoan dut mendi handi bat zuela koadroak hondoan. Eta zerbait piztu zuela nire barruan.
Patua izango zen…
Etorkizuna idatzita dago, nonbait. Beti galdetzen diot neure buruari: «Zergatik eraman nituen nik margoak egun hartan baserrira?». Beste edonork pilota, baloia… eramango zituen, baina nik margoak eraman nituen. Zergatik? Ordura arte inor margotzen ikusi gabekoa nintzen! Behin eta berriz ematen dizkiot bueltak horri: egia izango da etorkizuna idatzita dagoela.
Egun hartako siesta galdu zenuen?
Egun hartakoa, eta ordutik aurrerako guztiak [barrez].