Zazpi urtez alkate izandako herritarra hil da
Tomax Etxaniz Mendiguren Ezkio eta Itsasoko alkate izandakoa atzo hil zen, 67 urterekin, gaixotasun luze baten ondorioz. Zazpi urtez izan zen alkate, hiru agintalditan, eta azken urte honetan zinegotzi izan zen. 2009ko ekainean hartu zuen aginte makila lehen aldiz, eta 2011ko maiatzeko udal hauteskundeetan berriro hautatu zuten herrikideek. 2011tik 2012ko urrira arte egon zen karguan. 2019ko maiatzeko hauteskundeen ondoren, ekainean berriro hartu zuen kargua, 2021eko irailera arte. Joseba Telleriak hartu zuen makila orduan, eta Etxanizek zinegotzi izaten jarraitu zuen.
Joseba Telleria alkateak atzo albistea jakin berritan azaldu zuen «maisua» izan dela Etxaniz berarentzat: «Xumea, langilea, protagonismo nahirik gabekoa. Euskararen eta herriaren aldeko lan handia egin du beti».
Gorpua Beasaingo Goierri beilatokian egongo da gaur, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era.