Adinekoen Nazioarteko Eguneko adierazpena
Agijupens elkarteak elkarretaratzea egin du Beasaingo Loinazko San Martin plazan, Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira. Adierazpena irakurri dute.
Agijupens elkarteak elkarretaratzea egin du Beasaingo Loinazko San Martin plazan, Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira. Adierazpena irakurri dute. Dagoeneko 32 urte daramatzate Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen, eta hainbat eskakizun egiten: “Adinaren araberako diskriminaziorik eza defendatzea eta babestea; edadismoa ezabatzea; eta gizarte baliabideak gehiago entzutea eta eskuratzea”.
Era berean, COVID pandemiaren ondoren, uste dute garrantzitsua dela “bakardadearen arazoa gainditzea eta bideratzen joatea, bakardadeak adinekoaren autoestimuari, osasunari, aitorpenari eta bizi kalitateari eragiten baitie”.
Bestalde, Erretiratuen Tokiko Elkarteetan eragile aktibo gisa sentitua nahi dutela adierazi dute, “kontuan har ditzaten gure iritzi, interes eta ekintza planekin, egunerokoan egiten ari garen bezala”. Izan ere, “guztion artean adin guztientzako gizarte bat lor dezakegu, non belaunaldien arteko elkartasuna errealitate bat izango den eta gero eta adineko pertsona gutxiago sentituko diren bakarrik”.
Erronkak
Zazpi erronka jarri dituzte:
1. Zahartze aktiboa lantzea eta bultzatzea.
2. Pentsio duinak eta publikoak, benetako KPIarekin blindatuta.
3. Etxebizitza duin eta irisgarria izateko eskubidea.
4. Bakardadea desagerraztera.
5. Erretiratuen Gizarte Zentroak topaleku eta lagunkoitasun gune gisa indartzea, “gure prestakuntza pertsonala eta teknologikoa zainduz”.
6. Gipuzkoako bizitza politikoan eta sozialean presentzia aktiboa izatea.
7. Erabakitzeko gaitasun handiagoa ematea lehen mailako arretari, bai eta etxeko laguntzari eta adineko zentroetan bizi diren adinekoei ere.