Ampo Ordiziak Barçaren aurka jokatuko du bihar Altamiran
Lehenengo jardunaldia, eta denboraldiari hasiera emateko aurkari gogor bat, Bartzelona izango dute etxean bisitan igandean. 12:00etan da partida Altamiran. 23 urtez azpiko taldeak, ere, gaur hasiko du denboraldian. Neskek Getxon jokatuko dute bihar.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/05/2022-05-17-p004_f01.jpg)
“Ilusioz beteriko denboraldi bat” hasiko du bihar Altamiran, Ampo Ordizia errugbi taldeak. “Xedea, urtero bezala, titulu bat etxeratzekoa izango da”.
Lehenengo jardunaldia, eta denboraldiari hasiera emateko aurkari gogor bat, Bartzelona izango dute etxean bisitan igandean. “Kataluniarrak aurpegi aldaketa garrantzitsu bat jasan dute aurtengo udan, denera, 9 aurpegi berrirekin hasten baitute 22/23 denboraldia. Gainera, Santiago Monteagudoren taldeak Bautista Güemes eta Michael Hogg bezalako jokalari garrantzitsuak berritu dituzte Bartzelonaren bizkarrezurra izaten jarrai dezaten”.
Ordiziarrekin batera, kataluniarrak tituluak eskuratzeko borrokan aritzeko hautagaiak dira, “baina lehenengo jardunaldian, agian, txapelketako taldeek izan dezaketen bidaiarik zailenetako bat izango dute, Altamirara etorriko baitira. Azkeneko urteetan, bisitariei ez zaie erraza egin Ordiziatik puntuekin ateratzea, eta igandean 12:00etan gure zaleen bultzadarekin, denboraldia ondo hasteko garaipen bat eskuratzeko borrokara aterako gara berdegunera”.
23 urtez azpikoa taldea ere bai
23 urtez azpiko taldeak, ere, asteburu honetan hasiko du denboraldian. Gazteek Valladolidera bidaiatu beharko dute VRAC-en aurka indarrak neurtzeko. “Fisa eta Iñigo Navarroren mutilek ere ilusio handiz ekingo diote denboraldi berri bati, eta, beste urte batez, ligako titulua eskuratzeko borrokan aritzea espero dute. Moyua Goierri eta VRAC-en artekoa gaur izango da, 15:00etan”.
Lagun artekoak
16 eta 18 urtez azpiko taldeek denboraldi-aurreko lagunartekoak jokatuko dituzte gaur Altamiran Gaztediren aurka. 16 urtez azpikoen partida 10:30etan izango da, eta 18 urtez azpikoena, berriz, 12:00etan.
Neskak
Eta igandean, lehenengo taldearen partidez gain, beste bi hitzordu izango dira. Neska taldeak denboraldiari hasiera emango dio Getxon 11:00etan, eta eskolako gaztetxoak 10:30etan topaketa izango dute Hondarribian.