Bizikleta gainean hasi dute eguna Gaintzan
Gaintzako Jaietan ohitura denez, bizikleta lasterketa herrikoia egin dute Ordizia-Zaldibia bidegurutzetik herriko plazara. Txirrindulari ugarik hartu dute parte eta amaieran sari ederrak jaso dituzte.
Jaia eta kirola uztartuz hasi dute gaurkoan eguna Gaintzan, herriko jaietan. Bizikletak, kaskoak, musika eta txalo zaparradak izan dira nagusi jaietako ohiko bizikleta lasterketa herrikoiean. 40 txirrindularitik gora bildu dira bizikleta gainean, Gaintzara igoera egiteko Ordiziarako eta Zaldibiarako bidegurutzetik. Jai-giro ederrean igaro dute goiza gerturatu direnek, trikitixa eta pandero hotsez girotutako plazan, eta sari zein opari ugari izan dira parte-hartzaileentzat.
Sailkapen orokorrean gizonezkoetan Aritz Arteaga legorretarra gailendu da 12 minutu eta 45 segundotan osatuz ibilbidea. Emakumezkoen kasuan, Uxue Ibañez herritarra izan da txapela jantzi duena, 19 minutu eta 43 segundotan eginez igoera. Beste hainbat sari ere izan dira, hala nola, parte-hartzaile gazteenari emandakoa, helduenari, herritarrei… Horrez gain, amaieran bi zozketa egin dituzte parte-hartzaileen artean.














