Iban Urdangarin eta Amaia Iturrioz goierritarrak Bertso Txapelketa Nagusiko Gasteizko saioan
Iban Urdangarin ataundarra eta Amaia Iturrioz urretxuarra Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko Gasteizko saioan izan dira gaurkoan. Urdangarinek hirugarren postua lortu du, eta Iturriozek, berriz, bosgarrena.
Argazkia: bertsozale.eus Iban Urdangarin Lardizabal (Ataun, 1985) eta Amaia Iturrioz Etxaniz (Urretxu, 1993) bertsolariak Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko final laurdenetako saioan izan dira gaur, Gasteizen. Urdangarinek hirugarren postua lortu du gaurko saioan eta Iturriozek, berriz, bosgarrena, 660.50 eta 648.00 punturekin, hurrenez hurren. Saio honetan Haritz Mujika, Miren Artetxe, Xabat Galletebeitia eta Manex Agirre izan dituzte aurrez aurre eta Haritz Mujika gailendu da saioan.
Lehenengo, hasierako agurra kantatu dute eta ondoren, ataundarraren txanda izan da. Manex Agirrerekin batera 8ko nagusian aritu da, lan esparruko segurtasunaren inguruan. Ondoren, Amaia Iturriozen unea iritsi da, 8ko nagusian komunikabideak eta euskararen erabileraren inguruan kantuan aritu da urretxuarra, Miren Artetxerekin batera. Txanda amaitzeko, Galletebeitiaren eta Mujikaren txanda izan da 8ko nagusian.
8ko handitik txikira jauzi egin eta bigarren txanda hasi dute Iban Urdangarinek eta Miren Artetxek, kirolaren inguruan kantuan. Jarraian Mujika eta Agirre aritu dira eta jarraian, Amaia Iturriozen txanda izan da 8ko txikian, Xabat Galletebeitiarekin ama-semeen paperean.
Puntuari erantzunez goierritarrek kirol minoritarioez eta auzolanaz hitz egin dute. Ondoren, 10eko txikian hasi dira kantuan bertsolariak. Lehenik eta behin Agirre eta Artetxe hasi dira eta jarraian ataundarraren txanda izan da. Xabat Galletebeitiarekin batera herriko festetako egitaraua iritsi zaiela eta horren inguruan aritu dira kantuan. Urretxuarra, berriz, txanda hontako azkena izan da kantatzen. Haritz Mujikarekin batera eskolako zuzendariaren eta eskola-kiroleko arduradunaren arteko elkarrizketa egin dute kantuan.
Amaitzeko, bakarkako unea iritsi da. Bertsolari guztiei gai bera eman diete eta bakarka aritu behar izan dute kantuan. “Diru kantitata handia eskaini diotela eta onartu” egin duelako gaia jarri diete. Amaierako agurrarekin eman diote itxiera gaurko saioari eta honela geratu da sailkapenen taula:
| 8ko handia | 8ko txikia | puntu-eran | 10 txikia | ganbara | Guztira | |
|---|---|---|---|---|---|---|
| Haritz Mujika | 136.50 | 146.00 | 135.00 | 135.50 | 142.50 | 695.50 |
| Miren Artetxe | 136.00 | 128.50 | 132.00 | 145.50 | 128.00 | 670.00 |
| Iban Urdangarin | 127.50 | 134.50 | 117.50 | 132.50 | 148.50 | 660.50 |
| Xabat Galletebeitia | 128.00 | 130.00 | 128.00 | 123.00 | 146.50 | 655.50 |
| Amaia Iturriotz | 122.00 | 129.00 | 124.00 | 132.00 | 141.00 | 648.00 |
| Manex Agirre | 113.00 | 126.50 | 126.00 | 113.50 | 94.50 | 573.50 |
Hau hala izanik, Urdangarin 13. postuan dago sailkapen orokorrean, Iñaki Apalategi beasaindarraren atzetik; eta Amaia Iturrioz, berriz, 18.postuan.













