Barne sentimendu eta herriminen poeta zaldibiarra
Igandean 66 urterekin hil, eta atzo agurtu zuten Koldo Zubeldia Mendizabal idazlea (Zaldibia, 1956-2022), sorterrian. Euskaltzale sen sakonekoa, literaturan, itzulpengintzan eta kazetaritzan utzi du uzta.
Poesia landu zuen, batez ere, bere barne sentimenduen eta herriminaren bideratzaile. Eskola-liburuak prestatzen eta euskaratzen jarduna zen; Martuteneko itzultzaile eskolan ibili zen, 1981ean. Zuzenbidea ikasten ere hasi zen. Irakasle eta alfabetatze eskolekin bereganatu zituen zaletasuna gorpuzteko tresnak.
Bederatzi liburutan ehunka olerki argitaratu zituen, sarri antologiatan bilduta eta berrargitaratuta. Lehena, 2005ean, Alamartxo ahantzia (Erroteta) atera zuen. Sentimenduen erresuma (2007), Ehotako fantasien errota (2008) eta ordu arteko 25 urteko idazle-lanaren Antologia poetikoa 1984-2009 (2009) iritsi ziren hurrena.
Azken urteetan, Elizalde jaiotetxeko idazmahaitik osatu zituen Aralar, gogoko iturri (2011), horren maitea zuen mendiari idatziak; Antologia II (2013), Harriaren tasunak (2017), edota inoizko bildumarik lodiena, Bederatzigarrena bederatzi (2020), 300 olerki baino gehiagorekin.
Goierriko 1980ko urteetako idazle berrien umaldikoa zen Zubeldia. Goierritarra-ren korrontera batutakoa, esateko asko zuena, eta lumari giltzarraporik jarri zalea ez zena. Oso abegikorra zen bailarako komunikabideekin. Idaztea zuen gasolina, eta egunero eskaintzen zion ordu sorta ugaria, Elizalde etxeko bulegoan liburuez inguratuta eta gaztaroan intentso bizitakoak tabako gorriaren ke artean berrituta.













