Nerea Elustondok finalaurrekoan kantatuko du; Amaia Iturriotzek, ez
Legazpiarrak bi saioren faltan ziurtatu du hurrengo faserako txartela. Asteburuan Iban Urdangarinek eta Amaia Iturriotzek kantatu dute. Urretxuarra kanpoan gelditu da.
Nerea Elustondok Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoan kantatuko duela ziurtatu du. Txapelketako lehen saioan aritu zen, Getxon, Irailaren 2an. 695 puntu lortu zituenez denbora kontua zen hurrengo faserako txartela bermatzea, eta bi saioren faltan lortu du. Izan ere, puntuazioaren arabera hamahiru bertsolarik egingo dute aurrera; kontuan izanik hamabi bertsolari falta direla lehian hasteko eta bik zuzenean egingo dutela aurrera, asko jota hamaika bertsolari izango ditu aurretik legazpiarrak.
Amaia Iturriotz dago txanponaren beste aldean. 648 puntu lortu zituen herenegun Gasteizen, eta ez du aurrera egiteko aukerarik: «Kanpoan gelditzeaz baino, penatan nago ez nuelako lortu nahi nuen maila», aitortu zuen urretxuarrak atzo, saioko beroaldia pasata. «Eskas hasi nintzen, sentsazio nahiko txarrekin, eta ez nuen lortu buelta ematea». Halere, ez da txapelketatik aldenduko: «Astebetean atseden hartuko dut. Baina lagun asko ditut pasako direnak, eta beraiei ahal den neurrian lagundu egingo diet eta jarraituko dut euren lana», aitortu du.
Iban Urdangarin saio berean aritu zen, baina berak bestelako sentsazioak eduki zituen. «Eroso» aritu zela aitortu zuen, nahiz eta aurreko egunetan kirioak dantzan izan zituen. «Urduri joan nintzen, baina behin hasitakoan lasaitzea lortu nuen. Ofizioetan txukun aritu nintzen. Puntuetan behera egin nuen, baina lortu nuen ganbarakoan buelta ematea eta asmatu nuen. Jendea piztea lortu nuen eta aho zapore onarekin amaitu nuen horri esker», laburbildu zuen. 660 puntu lortu zituen guztira.
«Nire presio bakarra nire buruarekin gustura gelditzea zen, fasez pasa ala ez», gaineratu zuen. Aukeran, nahiago du igaro. «Muga-mugan ibiliko naiz. Barruan izateko esperantza daukat, eta poztuko nintzateke hala bada», aitortu zuen. Halere, saioaren aurreko egunak gogorrak egin zitzaizkiola ez du ezkutatu.
Saio polita
Gasteizko saioa ez zen bete-betekoa izan, baina bertsolariek utzi zituzten ale politak. Urdangarini egokitu zitzaion lan puntuagarriei ekitea, Manex Agirrerekin batera. Ganbarakoan diruari kantatu zioten: Diru kantitate handia eskaini dizute. Onartu egin duzu izan zen gaia. Haritz Mujika nagusitu zen, 695,5 punturekin. 25 puntu atera zizkion Miren Artetxe bigarrenari.
Goierrirekin lotura eskua duen beste bertsolari batek, Nerea Ibartzabal Fina Salegi urretxuarraren alabak, bere saioa irabazi zuen. Horri esker, zuzenean pasa da finalaurrekora. Puntu erdiko aldeagatik menderatu zuen Oihana Iguaran.