Miren Elgarresta zumarragarra, Emakundeko zuzendari berria
Gaur izendatu du Eusko Jaurlaritzako gobernu-kontseiluak. Orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiko berdintasunerako zuzendaria izan da
Eusko Jaurlaritzako gobernu-kontseiluak Miren Elgarresta zumarragarra Emakundeko zuzendari izendatu du gaur. Miren Elgarresta Larrabide (Zumarraga, 1965) Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendaria izan da. Izaskun Landaida ordezkatuko du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaritzan. Azken honek 2012az geroztik izan du ardura hori.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du “beharrezkoa” zela aldaketa bat berdintasun-politiken zuzendaritzan datozen erronka berriei aurre egiteko. Hori dela eta, Landaidaren profil desberdin bat behar zutela azpimarratu du, “ez hobea ez okerragoa, baina erronka horiei aurre egiteko lagunduko duena”.