Zumarragako azokan, 20 euroko erosketa 10 euroren truke
Zumarragako Udalak Zuekin Azoka bonuen laugarren kanpaina jarri du abian. 10 euroren truke, 20 euroko erosketa egin ahal izango da Zumarragako azokan. 10 euroko 800 bonu jarriko dira salgai.
Zuekin Azoka bonuen funtzionamendua aurreko edizioetakoa bezalakoa izango da. Herritarrek 5 euroko lau txartel jasoko dituzte 10 euroren truke. Erosketa tiketaren zenbatekoak bonuaren zenbatekoaren berdina edo handiagoa izan beharko du, erosketa bakoitzean osorik agortu dadin. Ez da inoiz eskudirurik itzuliko.
Pertsona bakoitzak bonu bat eskuratu ahal izango du eta horretarako baldintza bakarra adinez nagusia izatea eta NAN aurkeztea izango da.
Bonuak azoka ospatu aurreko ostegunetan eta ostiraletan eta azoka egunean bertan erosi ahal izango dira. Ostegunetan eta ostiraletan kultur etxean eta larunbatetan udaletxeko arkupetan jarriko den mahaian, 09:30etik 14:30era. Bonu salmenta ostegun honetan hasiko da.
Bonuak erabiltzeko epea larunbat honetan hasiko da eta abenduaren 17a arte luzatuko da. Bonuak programari atxikitako postuetan bakarrik erabili ahal izango dira eta horiek kartel bat izango dute identifikatzeko.
Kanpaina Rosa Maiza zinegotziak aurkeztu du. Helburua herritarrek herrian kontsumitzea dela aipatu du. Horretarako, azken urteetan beste kanpaina batzuk ere martxan jarri dira: Euskadi Bono Denda eta Bi-Tartean merkatari elkartearenak, adibidez.