Segurako futbol talde nagusiek ekin diote denboraldiari
Nesken senior taldea osatu du Segura Goierrik. Preferente mailan egonkortzea dute helburu 2022/2023 denboraldian. Mutilen preferente taldeak, Segura Goierrik, laugarren partida jokatuko du asteburuan.
Segura Goierri futbol taldeko senior mailako neskek ekin diote denboraldi berriari. Aurten sortu dute senior taldea eta Preferente mailan dabiltza jokatzen. Bi partida jokatu dituzte dagoeneko 2022/2023 denboraldian. Maila berrian lekua eta esperientzia hartzeko asmoz hasi dute denboraldia.
Etxean jokatu zuten lehen partida iraileko azken asteburuan. Elgoibarren aurka galdu zuten 2 eta 3. Bigarren partida pasa den asteburuan izan da eta garaipena eskuratu dute, Aiztondo Neskide klubari 1 eta 3 gailenduta. Bide onetik ekin diote. «Partidak oso lehiatuak izan dira eta maila oso ona erakutsi dute», azaldu du Mikel Areizaga klubeko presidenteak.
Segurakoek ez ezik, Ormaiztegiko, Zegamako, Zeraingo edota Mutiloako neskek ere osatzen dute taldea. Seniorrak izanik, eta jubenil nesken kategoria ez dagoenez, adin ezberdinetako neskak elkartzen dira kategoria horretan. Presidenteak azaldu duen bezala, taldea eta jokalariak kategoria berrian «egonkortzea» izango dute helburu denboraldi honetan. Lagun Onak hartuko dute Alustiza zelaian hurrengo asteburuan.
Segura Goierriko preferente mailako mutilek, aldiz, hiru partida jokatu dituzte, Urkiren, Getariako Ketaren eta Anaitasunaren kontra. Ez dute punturik eskuratu oraindik. Lehen denboraldia dute kategorian, iaz erregionaletik igo ondoren. «Oso ekipo gaztea da. Asko jubeniletik igo dira. Partidak jokatu ahala egonkortuko dira», esan du Areizagak. Tolosaren kontra jokatuko dute asteburuan.