Antzeztaunen, hamaika ikusgai
Ataunen antzerkigintzari eskainitako zikloaren 11. ekitaldia asteburuan hasiko da. Formatu eta genero askotako antzezlan sorta eskainiko du. Urrian zehar, lau saio.
Hamaika bider ehuntzen goiburuarekin, Ataunen bihar hasiko da XI. Antzeztaun antzerki zikloa. Ohi bezala, Intujai Teatroak, udalak eta Troskaeta tabernak antolatu dute, herritarrei antzerkigintza gerturarazi, eta formatu askotariko lanak ezohiko tokietan eskaintzeko.
Helduentzat bezala umeentzat, Herri Antzokiko areto handian bezala taberna txokoan, eskolan bezala Aiako auzoan, antzeztokirik ez dute errepikatuko.
Lehena bihar, ‘AMAraun’
Urrian garatuko dute Antzeztaun, eta guztira lau ikuskizun ekarriko dituzte Ataunera. Aurreneko biak asteburu honetan dira: bihar bat eta jaian bestea.
Iguaran bertsolariak eta Luluaga dantzariak amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatuko dute AMAraun antzezlanean. Musika, kantua, bertsoa eta dantza uztartzen dituzte ikuskizunean zehar. Bihar 22:00etan, Herri Antzokian da.
«(Ama) izan ala ez izan» erabakitik abiatuko da emanaldia, eta horrek amatasunaren esperientzia batzuk agertzeko bidea emango die, eredu ezagunen eta idealen arteko joan-etorrian. Helduei zuzendutakoa da.
Igandean, Mireia Delgado
Asteburuko bigarren emanaldian, Mireia Delgadok haurrentzat ipuinak, asmakizunak, olerkiak eta «isiltasunez osaturiko narrazioak» aurkeztuko ditu, Hitzak josten ikuskizunean, Aian.
Pedagogoa formazioz, ikaskuntza prozesuak, hezkidetza eta haur literatura uztartu ditu hainbat proiektutan.
Egitaraua
- Bihar, urriak 7. Oihana Iguaran eta Amaiur Luluaga, ‘AMAraun’. Herri Antzokian, 22:00etan. Helduentzat.
- Igandea, urriak 9. Mireia Delgado, ‘Hitzak josten’. Aiako Erroipe aterpean, 17:00etan. Familia osoarentzat modukoa.
- Urriak 14, ostirala. Rojo Telon taldearen ‘Korapilo’. Joxemiel Barandiaran Herri Eskolan, 16:30ean. Familiarra.
- Urriak 27, osteguna. Nagore Leon, ‘Hariak, minotauroak eta ego bakarrekoak’. Troskaeta tabernan, 22:00etan. Helduentzat.