«Azken estropadara arte erakutsi dugu borrokatu dugula mailari eusteko»
Denboraldia bukatu zuen irailean Uxune Urkiak (Idiazabal, 1997) Tolosaldea Arraun Klubarekin. Play off-etan Deusturi gailendu ondoren, Euskotren Ligan jarraituko du Tolosako taldeak.
2023an ere maila gorenean izango zarete. Zer moduz joan da denboraldia?
Orokorrean denboraldi ona izan da. Mailan kokatu gabe hasi ginen nolabait, eta lehenengo estropada horietan hasiberrien antzera ibili ginen. Hortik gora egin genuen gero. Nahiz eta laugarren tokian bukatu dugun, azkeneko estropadara arte erakutsi dugu borrokatu dugula mailari eusteko, eta uste dut sentsazioa oso ona izan dela.
Helburua, mailari eustea zen?
Bai, noski. Guk bagenekien lehenengo urtea izanda zaila izango zela irabaztea. Beti eduki dugu helburua goian zeudenetik gertuago egotea, baina mailari eustea lortzea zen helburu nagusia. Ahal bazen hirugarren postuan bukatzea denboraldia. Ez da posible izan baina play off-etan lortu dugu nahi izan duguna.
Pertsonalki nola aurkitu duzu zeure burua?
Urte gogorra izan da niretzako, azkenean lana eta arrauna uztartu behar ditudalako. Zaila da uztartzen, baina nahiko ondo eraman dut. Sakrifizioa handia izan da eta psikologikoki eta fisikoki neke handia da, baina gustora.
Zein izan da gehien gozatu duzun estropada?
Galiziakoak oso politak izan ziren, lehenengo bidaia horiek furgonetan elkarrekin Galiziaraino, ezagutzen ez genuen eremu batean… oso politak izan ziren. Justu eguraldi oso ona tokatu zitzaigun eta asko gozatu genuen. Gainera Donostiarraren aurretik geratu ginen lehenengo estropada izan zen. Zarauzkoak ere oso politak izan ziren, borroka polita izan genuen. Ligako azken estropada izan zen eta ez genuen asko disfrutatu, baina azkenekoa izanda, Zarautzen, eta banderak esan nahi duena jakinda, beste sentsazio bat daukazu. Eta Ligaz aparte, Kontxakoa.
Donostiarra aurrez aurre izan duzue.
Bai, Donostiarrarekin ibili gara denbora guztian borrokan, hirugarren eta laugarren postuetan. Arraun Lagunak eta Orio maila altuxeagoan egon direla argi dago. Lortu genuen lehenengo bi horiekin tartea laburtzea, baina Donostiarra parez pare eduki dugu, bien arteko borrokan.
2023an zortzi talde izango zarete Euskotren Ligan. Zeresana eman du erabakiak.
Play off-eko bi estropadetan alde handi xamarrarekin irabazi genion Deusturi baina komentatu izan da ez dela justua izan gu presio horretan jartzea. Gure aldetik laugarren geratu ginen ligan eta playoff-a egin beharra genuen, baina ez zaigu gustatu hurrengo urteko liga nola sortu den. Hondarribi eta Hibaika igo ziren zuzenean, eta Galiziako Cabo da Cruz eta Tiran. Kontua da Cabo da Cruz zuzenean igo zela, baina bigarren eta hirugarrenek, Chapelak eta Mugardos A Cabana Ferrolek, ezezkoa eman zutela eta orduan Tiran zuzenean igo da. Tiranek berez play off-a jokatu behar zuen gurekin.
Deustu eta Tolosaldearen artean izan da azkenean play off-a.
Hiruren artekoa izan behar zuen baina aldaketa horiekin Deustu eta gure artekoa izan da. Guk erakutsi dugu maila bat Kontxan, eta sailkatze fasean nagusitasun bat erakutsi genuen. Horrelako play off-etan edozer gauza gertatu daiteke, urduritasuna hor dago eta psikologikoki eragiten dizu.
Aurtengo denboraldia bukatuta, nola antolatzen zarete hurrengorako?
Orain hilabete eta erdiko atsedena izaten dugu, eta azaro erdialdean neguko aurre denboraldia hasiko dugu. Negukoa fisikoki indarra hartzeko izaten da: pesa gehiago, entrenamendu luzeagoak, korrika, uretara gutxiago joaten gara… Oinarria lantzeko izaten da eta denboraldia gerturatzen denean entrenamenduak motzagoak baina biziagoak izaten dira.
Nola ikusten duzu emakumeen arraunaren egoera?
Arraunean ere ikusten da mutilek afizio gehiago daukatela, baina pixkanaka badoa aldatzen. Tolosaldean faltan sumatu duguna afizioa izan da. Orain arte gurasoak joan dira animatzera. Izan dezakegun afiziorik onena da, baina faltan sumatu dugu herriko jende gehiago izatea. Beti eskatu izan dugu bultzada hori. Talde xumea gara, errekatik sortutakoa. Erakutsi dugun mailarekin, nik uste jendeari poztasuna emango diola eta animatzeko balio izango duela.