Gaztari buruzko zazpigarren biltzarra egingo dute bihar Ordizian
Hiru hitzaldi eta mahai ingurua izango dira. Helburu nagusia da topaketa bat antolatzea mendiko gaztaren inguruan diharduten eragile guztiak bil daitezen.
Gaztaren zazpigarren biltzarra egingo dute bihar, ostirala, Ordizian, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak sustatuta. Barrena Kultur Etxeko areto nagusian egingo dute, 09:00etan hasita. Goiz osorako egitaraua dakar, seigarren edizioaren antzera.
Biltzarraren helburu nagusia da, mendiko gaztari dagokionez, «topaketa bat antolatzea gazta horren inguruan diharduten eragile guztiak bil daitezen, altxor gastronomiko horri behar bezalako balioa emateko».
Esperientziatik ekarriak
Hiru hitzaldi eta mahai inguru bat izango dira aurten. Nel Cañedok irekiko du biltzarra. Artzaina da ogibidez eta Historian lizentziaduna Oviedoko Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean. Behi, ardi eta ahuntz talde bat du, egunero Europako Mendietan ibiltzen da haiekin, eta horien esnearekin egiten du salgai jartzen duen eta mantenu gisa balio dion gazta. Askorentzat ezagun izan daiteke Cañedo, sare sozialetan oso aktiboa delako. Bere lanbidearen garapenean aurkitzen dituen egoera desberdinak azalduko ditu.
Jarraian, Luis Javier Rodriguezek hartuko du hitza. Kimika Zientzietako doktorea eta Elikagaien Teknologiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Lactiker, Animalien Jatorriko Elikagaien Kalitatea eta Segurtasuna Taldeko ikertzaile nagusia da. Hitzaldian, Lactiker taldean garatutako eta Idiazabal Jatorri Deiturako kide diren hamar gaztandegi artisauek parte hartu duten doktorego-tesi baten emaitzak azalduko ditu.
Hirugarren hitzaldia, Elena Galanen ahotik joango da. Ekonomia Historian doktorea da, eta Ingurumen Zientzietan lizentziatua. Denboraldi honetan bere lan akademikoa utzi du Pirinioetan (Nafarroa Beherea) artzain gisa lan egiteko, abeltzaintzaren sektorearen ikuspegi sakon eta konplexu bat lortuz. Lan honi buruzko behin-betiko txostena datorren azaroan aurkeztuko du, baina horren inguruko hainbat datu aurreratuko ditu.
Bukatzeko, mahai ingurua egingo dute. Eduardo Urarte izango da moderatzailea. Latxa eta Karrantzako ardien albaitaria, eta Arabako mendian kokatzen den Arluzeako artzain eta gaztagilea den familia bateko kidea da Urarte. Egunean zehar landu diren gaien inguruko zalantzak argitu eta hurrengo biltzarrean landu beharreko gaien proposamenak egiteko baliatuko dute tarte hau.