Zaldibian hasi dituzte festak
Kalejira, Goiztiri herriko txarangaren berragerpena, udaletxe berritik lehenengo txupinazoa eta mondeju dastaketa egin zituzten atzo, Santa Fe bezperan.
Zaldibiako Santa Fe jaiek hartu dute abaila, eta igandera arte ez dira geldituko. Atzo, Santa Fe bezperan, tradizio bihurtu den kalejira egin zuten Olalde auzotik plazaraino. Txanbolinteroak taldeko txistulariak aurretik hartuta, erraldoiak eta festa gosez ziren herritar andana jarraian zirela, biribilketa alaia egin zuten. Goiztiri txarangak itxi zuen martxa. Hainbat urtean jo gabe egon ondoren, aurtengo jaietarako bildu dira berriro herriko musikariak, eta Zaldibiako kaleak alaitu dituzte, lehenengo festa-egunean.
Behin plazan, Iztueta dantza taldeko dantzariak batu ziren multzora. Aitziber Garmendia aktoreak bota zuen jai hasierako pregoia, udaletxe berriko balkoitxotik. Handik egin den lehenbizikoa da. Eguna borobiltzeko, mondeju zuriaren dastaketa –ETBren albistegien arreta ere deitu zuten mondejuek–, eta erromeria izan zituzten.
Gaur, Santa Fe eguna
Zaldibian zaindariaren eguna izango dute, gaur, osteguna. Honako egitaraua dute.
Urriak 6, osteguna
- 10:30-13:30. Joko mitologikoak, plazan, Jokai taldearen eskutik.
- 11:00. Meza.
- Eguerdian. Oihana Iguaran eta Iñigo Mantzisidor ‘Mantxi’ bertsolariak, eta herriko trikitilariak, herrian barrena.
- 17:30. Bingo herrikoia, plazan (dirurik jokatu gabe; sari bereziekin).
- 18:30. Pilota jaialdia, Resti pilotalekuan.
- Gaztelupe elkarteko pilotariak.
- Afizionatuak:
- neskak: Etxekolonea-Mujika / Iturriaga-Ruiz de Larramendi
- mutilak: Mendizabal III.a-Azantza / Sukia-Elizegi
- Egun osoan. Barrakak euro 1ean.
Argazkiak: Iñaki Gurrutxaga