Zumarragako Udalak 10 langabeturi formazioa eta lana emango dizkie
Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailak sustatu du eta Next Generation funtsen laguntza du. Proiektuak 282.000 euroko aurrekontua du

Zumarragako Udalak iraupen luzeko hamar langabeturi formazioa eta lana emango dizkie, Aukerak Eraikiz proiektuaren eskutik. Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren babesa du.
Egitasmoa atzo aurkeztu zuten Zumarragako kultur etxean. Ekitaldian, Idoia Mendia bigarren lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak, Mikel Serrano alkateak eta Rosa Maiza Ekonomia Sustapen, Toki Garapen eta Berrikuntzako zinegotziak parte hartu zuten. Alfonso Gurpegi Enplegu sailburuordea ere bertan izan zen.
Mendiak lana lortzeko zailtasun gehien dutenei laguntzeko Gizarteratzeko eta Laneratzeko Proiektu Pilotuak martxan jarri dituztela azaldu zuen. Proiektu hauek Next Generation funtsen laguntza dute eta udalen eta Espainiako gobernuaren lankidetzarekin atera dira aurrera.
Hamabost udalerri
Erkidegoko hamabost udalerrik erabaki dute egitasmoarekin bat egitea. Horien artean Zumarraga dago. Udal horiek 4,6 milioi jasoko dituzte iraupen luzeko langabetuei laguntzeko.
Zumarragako Aukerak Eraikiz egitasmoaren berri Maizak eman zuen. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edota Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen ari diren iraupen luzeko hamar lagunek bi hilabeteko formazioa jasoko dute eta ondoren 10 hilabetez lan egingo dute. Hamar hilabete horietan Zumarragako udaltzaingoaren bulegoa eta aldagelak berrituko dituzte.
Hamar lagun horietako batzuk iturgintzarekin, aire girotuarekin eta berogailuekin zerikusia duen formazioa jasoko dute eta besteek eraikuntza munduan egiten diren estaldura lanekin zerikusia duen formazioa.
Guztiei profesionaltasuna agiria emango diete amaitzen dutenean. Ikastaroa datorren astelehenean hasiko dute.
Beste hamar lagunei ere jarraipena egingo diete. Jarraipen horren helburua proiektuan parte hartu dutenen eta parte hartu ez dutenen bilakaera aztertzea da. Beste hiru bizilagun ere hautatu dituzte, ordezko bezala. Aipatutako 23 bizilagun horietatik, 20 gizonezkoak dira eta hiru emakumezkoak.
Egitasmo hau aurrera ateratzeko, udalak Lanbideren laguntza izango du. Aurrekontua 282.000 eurokoa da eta udalak Next Generation funtsen 236.000 euroko laguntza jasoko du.