Maialen Akizuren txanda izango da asteburuan
Maialen Akizu urretxuarrak Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo fasean abestuko du igande honetan.

Maialen Akizu urretxuarrak Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo fasean abestuko du igande honetan. Saioa Lizarrako Los Llanos kulturgunean izango da, 17:00etan. Ateak 16:00etan irekiko dira.
Akizurekin batera, Aitor Bizkarrak, Asier Azpirozek, Imanol Uriak, Iñigo Mantzizidorrek eta Unai Gaztelumendik abestuko dute. Gidari lanetan, berriz, Amaiur Lujanbio ibiliko da.
Sarrerak agortzear daude. 15:00etan irekiko da Los Llanos aretoko txarteldegia. Etxetik ere eskura daitezke, bertsozale.eus webgunean.
Lehen parte hartzea
Akizuk lehenengo aldiz parte hartuko du Bertsolari Txapelketa Nagusian. «Nagoen gorputzaldi honetatik abestu kantatu nahi dut, gorputzaldi hori islatuz (ama izan da duela gutxi). Denon helburua aurrera egitea izaten da», aipatu zion GOIBERRI aldizkariari.
Akizurena lehenengo faseko azken saioa izango da. Lehen fase honetan Iban Urdangarin ataundarrak, Iñaki Apalategi Beasaindarrak, Nerea Elustondo legazpiarrak eta Amaia Iturriotz urretxuarrak ere parte hartu dute. Nerea Elustondo legazpiarra finalerdietara sailkatu da eta Urdangarinek eta Apalategik aukerak dituzte oraindik. Iturriotzek ez du aukerarik, ordea.