Xendapedalakek beste edizio bat izango du, hirugarrena amaitu berritan
Pikuk Kirol Klubak martxaren laugarren edizioa antolatuko dutela iragarri du. «Oso gustura» daude aurtengoarekin. Pena bakarra, euritan ibili zela 200 txirrindularitik gorako tropela
Xendapedalak mendi bizikleta martxaren hirugarren edizioa larunbatean izan zen. Pikuk Kirol Klubeko antolatzaileen hitzetan «egun borobila» izan zen, «dena oso-oso ondo» atera zelako. Hala, gehiago itxaron gabe, 2023 urterako laugarren edizioa antolatuko dutela iragarri dute.
Antolatzaileek «oso gustura» amaitu zuten. «Eroriko batzuk eta sustoren bat, baina ezer larririk ez», zehaztu zuten. Pena bakarra partaideek ezin izan zutela ibilbidean zehar dauden ikuspegiez gozatu, laino artean egin zutelako martxa. Une batzuetan euria ere egin zien txirrindulariei.
224 lagunek jaso zuten martxa egiteko beharrezko dortsala. Legorretako udaletxe paretik atera ziren parte hartzaileak 09:00etan, elkarrekin Murumendi aldera jotzeko. Bi ibilbide izan zituzten aukeran: 36 kilometrokoa eta 27 kilometrokoa. Amaiera, herriko plazan bertan.
Partaideek antolatzaileei aitortu zietenez, «batzuentzat lokatz gehitxo eta aldapatsua» izan zen. Halere, orokorrean hitz «onak» jaso dituela antolakuntzak aipatu dute.
Proba hau posible bada da auzolanari esker. Antolakuntza taldetik azaldu dutenez, «hamar bat lagun aritzen gara urte osoan zehar lanean hau posible izateko, eta beste 20-25 boluntario izaten dira egunean bertan».