Kulturlab prozesuaren hirugarren fasean sartuta arkitekto bihurtu dira herritarrak
Ordiziako kultur ekipamenduak berrantolatzeko Kulturlab prozesuan urrats bat gehiago emango dute; hirugarren faseari hasiera eman diote. Aurreko prozesuetatik atera diren ideiak eraikigarri egitea da erronka.
Herritik, herriarentzat lanean ari dira Ordizian. Etorkizuneko Ordiziak, kultur arloan nolakoa izatea nahi duen galdetu zieten herritarrei. Pixkana-pixkana eman dituzte hainbat urrats; Kulturlab prozesuaren hirugarren faseari hasiera eman berri diote.
«Aukera handi bat» ireki du Kulturlab parte hartze prozesuak Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen iritziz. Erronka «oso handia» dela garbi du. «Urte askotako erronka bat da», baina «poliki-poliki, bidea hartzeko aukera zabaldu da». Hitz horiekin espresatu zen otsaila inguruan, Kulturlab prozesuaren bigarren fasean zeudenean.
Kulturlab prozesua aurreko agintaldian hasi zuten. Ordiziako kultur bizitzaren inguruko hausnarketarekin hasi zuten prozesua, herriko eragileekin batera, eta Kultibak dinamizatuta. Lehen urrats horretan, «nolabaiteko plan estrategikoa marraztu» zuten. Kultur kudeaketaren inguruko azterketa teorikoa egin zen; herri mailan ze egitura dauden, kultura saila, eragileak, haien arteko harremana eta hori nola hobetu,…», izan ziren mahai gainean jarri zituzten gaiak.
Kafe Antzokiaren ideia
Bigarren fasea, 2021eko ekainean jarri zuten abian. «Urbanbat kooperatibaren laguntzarekin, eta Ordiziako kultur ekipamenduen berrantolaketa bideratzeko prozesu parte-hartzailea egin zen», azaldu du Ezenarrok. Herriko kultur ardatza osatzen duten hiru eraikin nagusietan —Barrena jauregia, Herri Antzokia eta azpiko bi solairuak, eta Torrea—, beren burua kokatu zuten eragileek.
Bigarren fase honetan ere, eragile guztiak ados agertu ziren Herri Antzokiaren azpian, Domingo Unanue plazara ematen duen solairuan, Kafe Antzoki bat irekitzeko ideiarekin, kontzertuak, antzerki saioak eta bestelako kultur ekitaldiak egiteko. Gainera, ostalaritza zerbitzua ere gehituko luke, hura izan litekeelako eragile desberdinen elkargune.
Eragile guztien gustukoa bai, baina konplexua ere badela iritzi du Ezenarro alkateak. «Kontutan izan behar da urte osoan bizia eman behar zaiola», arrazoitu du alkateak, proiektuak sortzen dion ilusioa ezkutatu gabe, baina hankak lurrean jartzeko ariketa eginez. «Espazioaren ezaugarriak ikusita, tamaina ertain edo txikiko areto baten ideia garatzen ari gara, eta bide horretan, saiatu gara, esperientzia errealak jasotzen, adibidez, Donostiako Daba-Daba edo Hondarribiko Psylocibe hartu ditugu eredutzat, besteak beste». Fase honetan teknikoki «urrats bat gehiago» emango dugu eta «helburua da itxita uztea nola geldituko den.
Prozesuan parte hartzen ari den eragileetako bat da Ordiziarrock Ekintzak Taldea eta Kafe Antzokiaren ideiak «ilusio berezia» egiten diela adierazi dute. Urko Ruiz de Apodakak azaldu duenez, «ekarpen ugari» egin dituzte proiektu horri begira; «Kafe Antzokiko dinamika izan daiteke guretzat garbiena, teknikoki ezagutzen dugulako zer nolako beharrak izan ditzakeen espazio horrek, beste gauza batzuen artean».
Kafe Antzokian harago, Kulturlab prozesuaz esan du «oso sinergia polita» sortu dela eragileen artean, «pozgarria» dela ikustea «Udalak kultur ekipamenduak berrantolatzeko eta berritzeko erakutsi duen interesa». «Pozgarria ere», herriko eragileen aldetik erakutsi den «gogoa eta interesa».
Iritzi du, kirolari beti eman izan zaiola «tokia eta garrantzia», eta prozesu honek kulturari «merezi duen tokia» emango diola. Horrez gain nabarmendu du, kulturak azpiegitura fisikoak izatea «oso polita» dela, baina «ilusionagarriena izan da, prozesua bera; eragile guztiak elkartu eta bakoitzak bere iritzia eta ekarpenak ematea».
Ideiak materializatu
Hirugarren fase honetan, Hirikiten taldearen laguntzarekin, aurreko prozesuetatik atera diren ideiak eraikigarri egiten saiatuko dira. Ibone Arretxek Hirikiten taldeko arkitektoak azaldu duenez, «gure lana izango da, legedia eta teknikoki dauden arazoak mahai gainean ipintzea».
Badaki ez dela «erraza» izango, «zeren teorian dena oso polita da, baina orain hasiko dira agertzen egitura arazoak, adibidez, zer gertatzen den zutabe bat kentzen baldin baduzu,…». Laburbilduz, prozesuko partaideak, nolabait, arkitekto bihurtuko dira; «horrela, dauden mugak kontutan hartuta, eurak nahi dituzten ideiak eraikitzea izango da helburua, zeren garbi dugu, erronka handia izango bada ere, eraikiko dena izan behar duela herritarrek nahi dutena».
Prozesuaren atal honek «abendura arteko iraupena» izango du eta «bost lan saio» egingo dituzte.