Asteazkenen aldeko aldarria
Ordiziako azoka asteartera aurreratu dute aste honetan. Betiko bezeroak fin gerturatu arren, ez zuen asteazkenekoa parekatu. Mizpira eta aza berriak izan dira nobedade nagusienak.
Plazako saltzaileak asteazkenean «Ama birjina garotakoan» egitearen aldeko ziren arren, atzo egin zen. Eguna beti errespetatzearen eskaria entzun genuen, ohitura hori aldatzea ez dela ba hain zaila eta. Eskerrak asteroko bezero finak etorri zirenik. «Nik uste baino feria hobea izan da», aipatu zigun saltzaileren batek. Baina aho batez, «ez asteazkenetakoaren parean ez», berezko egunetik kanpo egiten direnen modukoa.
Saltzaile batzuk falta ziren, Etxabetarrak Azpeitian eta Axun Etxeberria Beasainen zen asteartero bezala. Batzuk bi herrietan jartzen dituzte postuak, horretarako jendea izanez gero edota egunean egunekora joaten dira.
Barazkiak errepasatuz, azen familia geroz eta emankorragoa dugu. Atzo lehen romaneskua (2€/bakoitza) ekarri zuen Esther Illarramendi Ibarrakoak eta idi bihotza izenekoa Montesenekoen postuan salgai (2€/bakoitza).
Babarrun garaian bete-betean gaude bildu, aletu, lehortu, gorde edota saldu eta heltzerako prest. Beltza baldin bada ere izen handiena duena, gustuz hain ona den txuria ere aukeran izaten da. Atzo justu txuri txikia (9€/k. aletua) ekarri zuen Patxi Arizmendi aramarrak. Urtero izaten du estimazio handia duen ale txikidun hau.
Mizpira ekarri zuen Joxe Antonio Aizpuru errezildarrak. Fruitu berezia da «sorgina» entzun izan dugu. Izan ere, ustela jaten dela esan ohi da, ontzean gozo eta on bihurtzen da jateko puntu-puntuan; gutxi batzuk berriz ozpindu eta ezin janak izaten dira. Hortik nonbait duen fama.
Geroz eta arbola gutxiago ikusten da eta gazte askok ez dute sekula jana, ez dute ezagutzen ere hain hemengoa den fruitu hau.
Onddo eta perretxiku, ugari
Plaza barneko postuetan hamar kilo onddo zituzten Arantxa Lopategik eta Patxi Arizmendik. Perretxiko saltzaileen postuetan berriz Lasa eta Barcinaren (Basoa) artean 280 k. 12-30€/k. Bakoitzetik kopuru handia ez bazen ere, aukera behintzat aparta, zazpi mota ezberdin: Onddoa, zizahoria, gorringoa, mendiko angula, esnegorria, saltsa perretxiko beltza eta marasmio jangarria Marasmius oreades. Azken honi senderuela ere esaten zaio. Basoan ez bada, ferian bada hauta.
Hurrengo astetik aurrera Ticket Bai delakoa martxan jarri beharko dute feriako ekoizle eta saltzaile profesionalek. Sektore honetan ari direnentzat, lehengoz gain, nahikoa buru hauste dakar horrek.