Jai egin nahi ez duten ikasleak Beasainen elkartu dira
Ikamak herri eskola antolatu du Beasainen. "Ikasleok ez dugu ezer ospatuko. Hezkuntza sistema propioaren alde borrokan jarraituko dugu"
Ikama herri eskolak egiten ari da Beasaingo frontoi txikian. Talde dinamikak egin dituzte aurrena; Ez gara espainolak. Euskal Herrian gure hezkuntza hitzaldia izan dute eguerdian; amaitutakoan, bingo musikatua egingo dute eta elkarrekin bazkalduko dute, Arranon. Hogei lagun elkartu dira.
Ikamakoek berretsi dute ez direla espainiarrak, eta ez direla errepikatzeaz nazkatuko. “Urte bat gehiago espainiar estatuak jai egun hau inposatzen digula, asimilazioa eta gure herriaren zapalkuntza errotuz”, sakondu dute. “Españolismoak baditu hamaika adierazpen gure hezkuntza sisteman, jai egun arrotzetatik espainiar historia ikasteraino. Eta ikasleok ez dugu ezer ospatuko. Hezkuntza sistema propioaren alde borrokan jarraituko dugu herri eskoletan”.