Gaitzak ez dio golik sartu
Iker Plazaola Urolako atezain ohiak gerri distrofia muskularra du. Futbola utzi behar izan zuen eta ordutik, bere bizitzako partida gogorrena jokatzen ari da. Larunbatean, ohorezko sakea egin zuen Argixaon.
Iker Plazaola zumarragarrak Urola futbol taldean jokatu zuen, atezain postuan. Futbola utzi behar izan zuen, gerri distrofia muskularra dela eta. Ordutik, bere bizitzako partida gogorrena jokatzen ari da. Bere kemenari eta baikortasunari esker, gaixotasunak ez dio golik sartu oraindik. Duela aste batzuk, lehen taldearen entrenamendura joan zen eta bere gaixotasunaz hitz egin zien jokalari eta entrenatzaileei. Larunbatean, ohorezko sakea egin zuen Argixaon.
Plazaola 1994an jaio zen. 28 urte ditu, hortaz. Gaitza jaiotzetik du. «Gaitza gene batek eragiten du. Aita eramailea da, baina berak ez du gaitza garatu. Nire anai-arrebek ere ez dute garatu eta horrek asko pozten nau. Niri tokatu zait. Gerri distrofia muskularrak giharrak ahultzen ditu eta degeneratiboa da. Nirea mantso doa. Gainera, beste distrofia muskular batzuk larriagoak dira. Bihotzari eragin diezaiokete, adibidez».
Futbola beti gustuko izan du. «Egun ezin dut jokatu eta telebistan ikusten dut. Bideo-jokoetan ere jokatzen dut. Realekoa naiz. Aita eta arreba ere futbol zaleak dira, baina ni fanatikoa naiz», gaineratu du.
Klubaren babesa
Mutikotan hobeto zegoen eta, zailtasunak zailtasun, futbolean jokatzen zuen. «Kimu mailan Urolan jokatzen hasi nintzen. Nire gaitza dela eta, besteek baino indar gutxiago dut zangoetan. Hori dela eta, ateko sakeak atzelari batek egiten zituen. Ahalegin handia egin behar nuen futbolean jokatzeko. Zorionez, entrenatzaileen eta taldekideen babesa izan nuen eta kadete mailara arte jokatu ahal izan nuen», azaldu du.
Kadete mailako lehen urtean gaitza garatzen ari zela konturatu zen. «Lurrera botatzen nintzenean, zauriak egiten nituen. Aldaketako muskulu-ehuna galtzen ari nintzela konturatu nintzen. Min asko egiten zidan eta utzi beharra izan nuen. Kirola egiten jarraitu nuen, baina 14-15 urterekin lurrera erortzen hasi nintzen, altxatzea kostatzen zitzaidan, eskailerak igotzea kostatzen zitzaidan…».
Hasieran, ez zekien gaitzaren eraginez zenik. «6 bat urte nituenean izan genuen gaitzaren berri, analisi batzuetan kinasa kreatina oso altu nuela ikusi baitzuten», hasi da kontatzen. «Medikuarengana joaten nintzenean, kanpoan uzten ninduten, medikuak gurasoei esaten ziena entzun ez nezan. Ondo samar nengoenez, ez zidaten gauza handirik esaten. Okerrago nengoela konturatu nintzenean, Google-en bilatu nuen. Lehenengo sintomak nik nituenak zirela ikusi nuen. Nerabezaroa zaila da eta gurasoei eta lagunei ezer ez esatea erabaki nuen, inor ez kezkatzeko», gaineratu du.
Urte gogorrak izan ziren. «Gurasoekin oporretara joateari utzi nion, lagunei erortzen nintzenean belaunagatik zela esaten nien… Garai hartan, gaitza motel zihoanez, ez nuen azterketarik izan. Halako batean, zer gertatzen zitzaidan esan nien. 17-18 urte nituen. Amari esan nion lehenengo. Tristatu egin zen, noski, baina bazekien gerta zitekeela. Ondoren, aitari eta nire lagun onenei kontatu nien. Mesede egin zidan. Gaitzera ondo moldatu nintzen, inorekin ez hitz egiteak kalte egiten zidan. Ordutik, mundu guztiaren babesa izan dut», eskertu du.
Gaitza, poliki poliki, garatzen ari da. «Ezin dut korrika egin, aulkitik altxatzeko sekulako ahalegina egin behar dut… Etorkizunean, seguru aski, gurpildun aulkia beharko dut».
«Niri tokatu zait eta nire anai-arrebek gaitza garatu ez izana asko pozten nau»
«Sintomak agertu zirenean, gurasoei eta lagunei ezer ez esatea erabaki nuen»
«Ezin dut korrika egin, altxatzeko sekulako ahalegina egin behar dut…»
«Etorkizunean, seguru aski, gurpildun aulkia beharko dut»
Iker Plazaola
Gerri distrofia muskulardun gaztea
Ez du etsipenari amore emateko asmorik, ordea. «Bizitza horrelakoa da. Altxatu eta aurrera egin behar da. Gaitzei aurre egin behar zaie. Zailtasunei aurre egin. Moldatu. Gizakiok horretarako ahalmena dugu. Emozioak kudeatu. Ez amore eman. Eguneroko lana da. Jaikitzen garenetik oheratzen garenera arte ariketa egiten dugunez, eguna nekatuta bukatzen dut. Baina ariketa egin beharra dut gaitzari aurre egiteko. Elikadura ere zaintzen dut».
2A motako gerri distrofia muskularra Gipuzkoan arrunt samarra dela dio. «Geneak direla eta, hemengo familietan kasu dezente dagoela esan zidan neurologoak. Frantzian eta Ingalaterran ere dezente daude. Oraingoz, ez du tratamendurik. Gaitzaren garapena moteltzeko modu bakarra ariketa egitea da: ibiltzea, bizikleta estatikoan ibiltzea, etxean zinta elastikoak ere baditut… Kirolari esker, espero baino hobeto nago. Medikuak dagoeneko gurpildun aulkian egon beharko nintzatekeela esan zidan. Sarepta enpresa terapia genetikoa ikertzen ari da, baina…».
Psikologia ikasketak
Plazaolak, kirola egiteaz gain, Gureak enpresaren Ordiziako tailerrean lan egiten du eta Psikologia ikasten ari da. «Gaitza garatzen hasi zenean, psikologiaren garrantziaz jabetu nintzen. Hori dela eta, zailtasunak dituzten pertsonei lagundu nahi diet. Duela urte batzuk erdi mailako gradu bat egin nuen, baina ez nengoen oso motibatuta. Egoera asimilatu dudanean, ikasten jarraitzea erabaki dut»..
Bere jarrera txalogarria da eta Urolako zuzendaritzak lehen taldeko jokalariei hitzaldia emateko eskatu zion. «Jon Viedma kapitaina nire kuadrillakoa da eta beste batzuk ere ezagutzen ditut. Igor Caballero entrenatzailea nire gimnasia irakaslea izan zen, Jon Caballero nire entrenatzailea izan zen… Lotsatia naiz eta hasieran urduri nengoen, baina ondo atera zen», aipatu du zumarragarrak.
Ohorezko sakea egiteak ere ilusio handia egin dio. «Urte asko pasa dira Urola utzi nuenetik eta poztekoa da nirekin gogoratu izana».