Sagarrari zukua ateratzeko unea
21. Sagardo Astea da Igartubeiti Baserri Museoan egunotan, larunbatetik ostiralera. Egunero batez beste 90 bat bisitari izango dituzte, dolarea martxan, antzezpenak eta kirikoketa saioak ikusten
Igartubeiti Baserri Museoa Sagardo Astean murgilduta dago egunotan, 21. aldiz. Larunbatean hasi ziren jarduerak eta ostiralera arte iraungo dute. Sagardo Asteko bosgarren eguna da gaur. Atzo goizean 100 bat bisitari izan zituzten baserriko dolarean, lau taldetan banatuta: Haztegi ikastolako ikasleak, Maizpide euskaltegikoak, Leintz Gatzagako talde bat eta Galiziako beste bat.
Sagarra nola jotzen duten ikusteko aukera izan zuten atzo dolarera bertaratu zirenek, Igartubeitiko arduradunek azalpenak ematen zituzten bitartean. Pisoiekin sagarrak jo zituzten sagar joaleek. Zapaldutakoa patsa askan zabaldu eta egur mota ezberdinez osatutako piramide moduko bat egin zuten, garai batean egiten zen bezala, ardatzari birak eman eta goiko habeak eragindako presioaren ondorioz patsak zukua botatzeko. Zuku hori kupeletan gordetzen dute gero, bertan hartzitu dadin.
Sagar jotzearen ondorioz ateratako zukua dastatu ahal izaten dute bisitariek. Kizkitza Ugarteburu museoko arduradunak azaldu duenez, «giro onean» eman dituzte Sagardo Asteko lehenengo lau egunak, eta «beteta» dituzte datozen egunetako ekintzak ere. «Egunean 90 bat bisitari izan ditugu batez beste, eta gaur, bihar eta etzi ere izango ditugu». Gaur jai eguna denez, familien bisitak espero dituzte. Bihar eta etzi, aldiz, taldeak izango dituzte berriro ere.
Kanpoko sagarrak
Bisitariek arretaz entzun eta ikusten dute dolareko erakustaldia. Atzoko Leintz Gatzagako bisitari baten hitzetan, «ikusgarria» da: «Sagardoa egiteko prozesua ongi ezagutzen dut, baina horrelako dolareak eta sagar jotzeak jada ez dira geratzen». Dolarean jo dituzten sagarrak Frantziatik ekarri behar izan dituzte aurten, lehortearen eta sagarraren goraldi erritmoaren eraginez sagar gabezia izan delako. «Aurten ez dugu sagarra ingurutik ekartzeko aukerarik izan», adierazi du Ugarteburuk.
Atzoko prentsaketan ez zuten kirikoketa —sagarra jotzean sortzen den erritmo soinua da— saiorik egin, baina erritmoa bisitariek jarri zuten. Sagarra jotzen ari ziren bitartean, Aldapeko sagarraren abestia kantatzen hasi zen talde bat. Antolatutako Sagardo Asteko azken kirikoketa saioa, ordea, gaur egingo dute, Igartubeitik eta Juan Mari Beltran musika ikertzaileak eskainitako lantegi batean sortutako talde baten eskutik. Urretxuko eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeak, Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarrarekin, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako familia baten inguruko antzezpena egingo du.
Prozesu baten emaitza
Negutik udazkenera garatzen den prozesuaren emaitza da Sagardo Astea. Sagarra jo eta zukua kupeletan sartu baino lehen, sagarrondoen zaintza, izerdialdia, loraldia, aleen hazkundea eta bilketa izaten da. Hartziduraren ondoren, Barrikote Festan sagardoa dastatzen da, martxoan.