'Tabuen kutxatik oholtzara' bertso saio musikatu solidarioa izango da Ordizian
Minbizia duten pertsonek izango dira gai jartzen eta Miren Amuriza, Onintza Enbeitia, Maider Arregi eta Nerea Ibarzabal bertsotan, bi musikarik lagunduta. Ordiziako Herri Antzokian izango da, ostiralean. Sarrerak salgai daude Barrenan, eta egunean bertan, leihatilan.
Tabuen kutxa zabaldu eta barrukoa lau haizeetara aireratuko duen bertso saio musikatu solidarioa izango da Ordizian. Minbizia duten pertsonek egingo dute gai jartzaile lana. Bizipenak, minak, beldurrak, doluak, azken agurrak eta bestelako kontuak proposatuko dituzte, eta bertsolariek -Miren Amuriza, Onintza Enbeitia, Maider Arregi eta Nerea Ibarzabal- kantatuko dituzte errimak, bi musikarik lagunduta. Izan Inurri minbizidun emakumeen elkarteak abian jarri duen proiektu solidarioa bat da Tabuen kutxatik oholtzara.
Julene Illarramendi Elexpuru da Izan Inurri elkartearen sortzailea, eta Ane Labaka bertsolariaren laguntzarekin jarri zuten martxan Ordiziara dakarten ekimena. «Elkarteari ekarpena egin nahi zion Labakak, eta ideia polita iruditu zitzaigun, minbizia eta bertsolaritza elkartzea», azaldu du Illamendik. Doka aretoan egin zuten lehenen emanaldia. Sarrerak «zazpi minutuan» agortu ziren eta jende asko geratu zen aretoan sartu ezinik; «arrakasta handia» izan zuen.
Erantzuna ikusita, saio gehiago antolatu zituzten, eta ostiralean, Ordizian izango da, Herri Antzokian, 18:30ean. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 8 euroren truke, Barrena Kultur Etxean, eta egunean bertan, leihatilan. Diru guztia Izan Inurri elkartera bideratuko da, proiektu berriak garatzeko.