Diego Fernandez Gonzalez aurtengo aire zabaleko margo-lehiaketako garaile
XXXI. aire zabaleko pintura-sariketan Diego Fernandez Gonzalez (Gijon) gailendu da. 28 parte-hartzaile izan dira eta horietatik 7 goierritarrak. Goierritarren artean onena Iban Aramburu Elustondo beasaindarra izan da, herritarren lehen saria jaso duena.
XXXI. aire zabaleko pintura-sariketa izan da gaurkoan Beasainen eta lehiakideak urduri gerturatu dira Igartza Jauregira, sariren bat edo beste jasotzeko esperantzaz. Lan oso desberdinak egin dituzte guztiek, batzuk kaleko giroa errepresentatu nahi izan dute, beste batzuk, aldiz, mendi aldera edo landa eremuetara jo dute gehiago. Parte-hartzaile ugari izan dira Igartza Monumentu Multzoa aukeratu dutenak ere, baina zenbaitek zerbait bereziagoa egitea erabaki dute, hala nola, eraikinak edota eraikuntza lanak. Teknika desberdin asko izan dira baita ere.
28 parte-hartzaile izan dira guztira gaurkoan eta Arrano Kultur Elkarteak adierazi duenaren arabera, azken urteetako antzeko zifra izan dute aurten ere, covid-19aren ondoren normaltasunera itzuliz. Horietako 7 izan dira parte hartu duten goierritarrak: 5 beasaindar, lazkaotar 1 eta idiazbaldar 1. Txoko ugaritatik etorritako lehiakideak izan dira bestela, hala nola, Lesaka, Gorliz, Zarautz, Donostia, Bergara, Gasteiz, Bilbo… Gainera, nahiko urrutitik etorrikoak ere izan dira, adibidez, Gijondik etorriak, Castro Urdialestik, Harotik edota Unxetik.
Aipatu dutenaren arabera, epaimahaiak ez du erraza izan erabakia, izan ere, sari banaketa baino 5 minutu lehenago ezin sailkapen finko bat erabaki jarraitzen baitzuten. Gaurkoan goierritarrek ez dute zorte handirik izan sailkapen orokorrean eta Gijongo Diego Fernandez Gonzalez gailendu da lehiaketan. Atzetik Jose Miguel Arranz de Juan (Erandio) eta Carlos Espiga Alonso (Bilbo) izan ditu. Fernandezek Bideluze Plazako giroa errepresentatu du bere mihisean eta emaitzarekin «oso gustora» gelditu dela adierazi du eta hau margotzeko hautua nahiko «kontzientea» izan dela, izan ere, egunerokotasuneko eszenetako mugimendua betikotzea bere lanetan «benetan ederra» iruditzen zaiola dio. Hurrengo urtean errepikatzekotan geratu da Gijondarra. Beasaingo Udaleko ordezkari gisa joan den Xabier Matarranzen eskutik jaso du saria.

Lan irabazlea. Diego Fernandez Gonzalez
Omenaldia Jose Manuel Soroizi
Ekitaldia hasi baino lehen Arrano Kultur Elkarteak Jose Manuel Soroiz omendu nahi izan du. Bixente Apalategik hartu du hitza elkartearen izenean. Jose Manuel Soroiz sukaldaria zen eta urte askoan zehar lehiaketa honetan parte-hartzaileei bazkaria prestatzeko ardura izan du. Joan den ekainean zendu zen eta ondorioz, gaur keinu txiki hau egin nahi izan die lehiaketan. Horrez gain, Apalategik aipatu duenaren arabera, beti izan zuen konpromezu handia Arrano Elkartearekin eta zenbait ekitalditan egon izan da elkartearen izenean, hala nola, Iparra Hegoa, Tolosako Babarrun Lehiaketa, herriko jaietako gastronomia txapelketa… Sukaldari ona izateaz gain pertsona bikaina ere izan zela azpimarratu dute eta une zailetan egon arren sekula ez zuela kale egin. Beraz, hau hala izanik, Jose Manuel Soroizen senideei oroigarri bat eskaini die, bidelagun izan duten denbora honetan eginak eskertzeko. Ondoren, senideen txanda izan da, eta Soroizen arrebak hartu du hitza, oroigarria eskuan, eta esker hitzak ahoan.
Sailkapena.
Gazteak:
- Saria: Brenda Lopez Palmeira (Beasain)
Herrikoa:
- Saria: Iban Aramburu Elustondo
- Saria: Moises Garcia Viyuela
- Saria: Beñat Mujika Arratibel (1. herriko gaztea)
- Saria: Itsaso Ortega Martinez (2. herriko gaztea)
Orokorra:
- Saria: Diego Fernandez Gonzalez (Gijon)
- Saria: Jose Miguel Arranz de Juan (Erandio)
- Saria: Carlos Espiga Alonso (Bilbo)














