XXXI. Aire zabaleko pintura-sariketako lanak entregatuta eta epaiaren zain
XXXI. Aire zabaleko pintura-sariketa egin dute Beasainen. Lanen pasa dute goiza margolariek eta iada entregatu dituzte lanak. Arratsaldean izango dute sari-banaketa.
Aurten ere, beste urte batez, Beasaingo Udalak antolatutako Udazken Kulturaleko egitarauan bere lekua izan dute margolariek, Arrano Elkarteak antolatutako lehiaketan.
Goizeko 9etan elkartu dira parte-hartzaileak Igartza Jauregiko erakusketa aretoan, bertan, mihiseak zigilatzeko. Behin mihiseak zigilatuta bakoitza bere postura joan da lanera. Beasaingo txoko desberdinak aukeratu dituzte parte-hartzaileek haien lanetarako, tartean, San Martin Plaza, Maite biribilgunea, Isabel Olano Parkea, Igartzako Monumentu Multzoa eta abar. Teknika desberdinak erabili dituzte. Horrez gain, batzuk parean duten horren erretratua egiten zuten bitartean, beste batzuk argazkiak oinarri hartzea nahiago izan dute. Hala ere, lehiaketaren oinarrietan argi dioen moduan, zuzenean margotutakoa hobetsiko du epaimahaiak.
Goiz osoa lanean pasa ondoren, 13:30etatik 14:30etara bitarteko denbora izan dute parte-hartzaileek haien lanak aurkezteko Igartzako erakusketa aretora itzulita, eta jarraian, Arrano Elkartean bazkaltzeko aukera izan dute margolariek, antolatzaileen eskutik.
Epaimahaikideak lanak zorrotz aztertzen ari dira orain, banan-banan eta arratsaldeko 18:30etan emango dituzte sariak, Igartza Jauregiko erakusketa aretoan egingo den sari-banaketa ekitaldian.














