Diego Fernandez Gonzalez da aire zabaleko margo lehiaketako garailea
28 parte-hartzaile izan dira; horietatik zazpi, goierritarrak. Iban Aranburu Elustondo beasaindarra izan da goierritarren artean onena. Jose Manuel Soroiz sukaldaria omendu dute
Diego Fernandez Gonzalezek irabazi zuen herenegun jokatuko 31. aire zabaleko pintura-sariketa. Fernandezek Bideluze Plazako giroa errepresentatu zuenbere mihisean eta emaitzarekin «oso gustora» gelditu dela adierazi zuen. Hau margotzeko hautua nahiko «kontzientea» izan dela ere esan zuen. Izan ere, egunerokotasuneko eszenetako mugimendua betikotzea bere lanetan «benetan ederra» iruditzen zaiola dio.
28 parte-hartzaile izan ziren. Horietako zazpi, goierritarrak. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako margolarien gain Espainiatik etorritakoak ere izan dira. Fernandez bera, esaterako, asturiarra da.
Lan oso desberdinak egin dituzte guztiek. Batzuk, kaleko giroa errepresentatu nahi izan dute eta, beste batzuk, mendi aldera edo landa eremuetara jo dute. Teknika desberdin asko izan dira baita ere. Epaimahaiak onartu zuen ez zuen erraz erabakia garailea.
Lan guztiak Igartzan ikus daitezke, hilaren amaierara arte.
Jose Manuel Soroiz, gogoan
Sari banaketa ekitaldia hasi baino lehen Arrano Kultur Elkarteak Jose Manuel Soroiz omendu zuen. Bixente Apalategik hartu du hitza elkartearen izenean. Jose Manuel Soroizen senideei oroigarri bat eskaini zieten, urteetan egindako lana eskertzeko. Soroizen arrebak hartu zuen oroigarria eta esker hitzak izan zituen.
Soroiz sukaldaria zen eta urte askoan zehar lehiaketako parte-hartzaileei bazkaria prestatzeko ardura izan zuen. Horrez gain, Arrano Elkartearekin lotura estua izan zuen eta beste zenbait ekitalditan ordezkatu zuen elkartea. Hala nola, Iparra-Hegoan, Tolosako Babarrun Lehiaketan, herriko jaietako gastronomia txapelketan… Ekainean zendu zen.












