'Dizebi'-ren 'Kapital' lana ezabatu du Donostiako Udalak
'Kapitalismoa borrokatu' leloa idatzi zuen. Ondoren, '-ismoa borrokatu' esaldia ezabatu eta soilik 'Kapital' hitza utzi zuen bistan. Sei urte geroago, Donostia Kulturak erabat ezabatu du
Igor Rezola Dizebi grafitigilearen Kapital lana ezabatu du Donostiako Udaleko kultura sailak. Udane Juaristi Udatxoren Gladys izeneko horma irudia jarri dute gainetik.
Dizebik Kapitala lana 2016. urtean egin zuen, Donostia Europako Kultur Hiriburua zen garaian. Zehazki, antolakuntzak berak eskatu zion lana. Grafitigileak ezustean harrapatu zituen, ordea, mural koloretsu bat egin beharrean grafiti kritiko bat egin zuelako. Kapitalismoa borrokatu leloa idatzi zuen. Ondoren, -ismoa borrokatu esaldia ezabatu eta soilik Kapital hitza utzi zuen bistan. “Lan hau egin dut, batzuentzat izaera kritikoa izan dezake. Nik kalean lanak egin ohi ditut, batzuetan enkarguak jasotzen ditut, eta nik erabakitzen dut arau horien barnean sartzea, jolas egitea”, azaldu zuen orduan margolariak.
“Horrelako proposamen politiko edo sozialak, kale espresioaren parte direnak, ezabatzeko joera dago; horregatik, kalearen parte diren espresio horiek erreskatatu nahi izan ditut: pintadak eta partxeak. Marginalagoak diren espresio horiek zentrora ekarri nahi izan ditut, kapitalitateko mural baten mailan jarri”, gaineratu zuen. Ez zebilen oker. Sei urte geroago lanaren patua egileak iragarritakoa izan da.
Orain, Gladys
Mural berriak eremuaren inguruko gaiak eta koloreak ditu ardatz. “Ibaia dago alde batean, igogailua hartzen baduzu berehala iristen zara Gladyseneara. Naturarekin lotura izango zuen gai bat nahi nuen. Inguruko koloreekin jolastu dut: belarra, zubi marroia… Eta errota bat ere irudikatu dut. Hemen ondoan garai batean errota bat izan zelako”, azaldu dio Udatxo Irutxuloko Hitza. “Inguruari erreparatu diot, eta tokatzen zena egin dut. Uste dut hau egin behar nuela, honelakoa izan behar zuela esan dit barruak”, jarraitu du.
Ondotik pasatzen denak erraz identifikatuko dituen irudiak ageri dira: landareak, hostoak… eta parkearen ikur bihurtu den animalia, pauma. Ubarroi bat ere bai badago, ibaiaren sinbolo moduan. Lore batzuk ere badira, parkean ikus daitezkeenak. Emakume baten aurpegia ere marraztu du. Gladys del Estal militante ekologistari keinu bat egin nahi izan dio, eta haren izena jarri dio horma irudiari: “Emakume bat zen, ekologista, eta nik naturarekin lotu nahi nuen, inguruarekin”.
Albiste hau ‘ARGIA’-k argitaratu du eta CC lizentziei esker ekarri dugu gurera. Jatorrizkoa irakurtzeko, hemen.