Guztiarentzat urte onik ez da
Aurten intxaur, hur eta sagar gutxi izan dira eta hala iritsi dira ere Ordiziako azokara. Aldiz, onddo ugari dago, eta perretxiko aukera zabala ere bai. Landareen atalean, udaberriko barazkien tanda berria prest dute saltzaileek.
Goiz beroa atzo. Gauez ez zuen freskatu eta 23 gradu neurtu ziren goizeko zazpi eta erdietan. Horrelaxe hasi zen atzoko feria.
Perretxiko postuetan ere giro beroa izan zuten. Eskaintza handia, eta jende asko inguruan. Onddo kilo asko eskaini zituzten bi saltzaile nagusien artean (Lasa eta Basoa), eta plaza barruko hainbat postutan ere bazuten salgai, guztira 300 kilora hurbilduz (14-35€/k). Zizahoriak, esnegorriak, gorringoak, mendiko angulak, marasmio jangarriak eta saltsa perretxiko beltzak ere bazituzten salgai.
Aurten ez da intxaur, hur eta sagar urtea. Intxaur gutxi batzuk bakarrik ere ekarri zituzten Arantxa Lopetegi altzagarrak eta Anttoni Murgiondo gabiriarrak. «Zokona belztu zaie, eta kito. Oso intxaur on gutxi aurten ere. Bigarren urtea da hori gertatzen zaiela, eta ez dakit ba, gaitzen bat sartu ez ote den» aipatu zigun Juanita Murgiondok.
Bestetik, orain arte hur berri gutxi ikusi dira. Aldiz iaz oso urte ona izan zen, eta salgai da oraindik ere joan zen urtekoa (4,5-6 euroan kiloa).
Aza familiak handitzen segitzen du. Atzo lehen lonbarda jarri zuen salgai Baliarraingo Irabiazpiko Edurne Jauregik, euro batean. Buru txikikoak ziren lehen hauek.
Udaberrirako landareak
Askotan esan ohi dugu aitzindariak direla landareak. Orain jateko puntuan dauden azakiak udan landatutakoak dira, eta udaberrirako prest izango diren askoren landarea aukeran da dagoeneko. Hala, 15 zentimotan dago aza, 20 zentimotan azalore, brokoli, lonbarda, romanesku, kale, borraja, ziazerba, zerba berde eta horia, erremolatxa…
Atzo tipula gorri landarea ere hasi zen (3,5€/ehuneko), lehendik zegoen txuriaren lagun.
Arrautza, garestiago
Patxi Atienzak oharra egin du: «Arrautza garestitzen ari da. Granjetan ekoizpen gastuak, energia eta jana asko garestitu dira, eta oilo kopurua gutxitu egin dute produktore askok. Behiekin ere berdin gertatu da eta gazta ere garestitzen ari da». Hauek dira prezio berriak, neurrien araberakoak: 2,30-3,60 euroan dozena.
Plazan etxeko arrautzak saltzen dituztenek 4-4,30 euro artean dute dozena. Garai honetan, gainera gutxiago erruten dute, eta ez da urteko arrautza garairik emankorrena.
Datorren asteko azokan Santu Guztien eguneko aurreko feria izango da. Atzo zentro batzuk ekarri zituzten muestrarako, Hilaren 26koa izango da enkarguak hartzeko edota loreak erosteko asteazkena.