Goierriko udalen finantzazioa foru funtsetik %4 igoko da 2023an
Aurtengo itxieraren aurreikuspen positiboa egin du aldundiak, eta UFFFk iazko likidazioa gaindituko luke. Balorazio berarekin, datorren urtekoa are gehiago igoko du.
Udalentzat 2023ko ekitaldiak zenbat diru izango duen kalkulatzeko garaia da urria. Gipuzkoako Finantzen Kontseiluak lehengo astean egin zituen kalkuluak, behin EAEko Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak hiru ogasunek zergetan zenbat jasoko duten aurreikuspen bat zehaztu ondoren. Eta aldeko haizeak jarraituko duela ebatzi du aldundiak, UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa 2023rako %4 igoko baitu eskualdeko udalentzat; Gipuzkoan, oro har %3,86ko igoera izango da.
Goierriko udalek sekula foru aldundiaren zuzkidura funtsetik jaso duten kopururik handienarekin osatu ahalko dituzte 2023ko hauteskunde urteko aurrekontua, urtea bukatu bitartean. Bailarako 22 udalek 57,8 milioi jasoko dituzte UFFFtik. 2022ko UFFFren itxiera aurreikuspena 55,5 milioian geratuko dela kalkulatu du Finantza Kontseiluak; 2,3 milioi gehiago.
Hala eta guztiz, otsailean itxiko du aurtengo foru funtsaren likidazioa aldundiak, aurtengo ekitaldiko behin betiko zerga bilketaren emaitza erreala jakindakoan. 2022an Gipuzkoan 5.356 milioi biltzea bazen aurrekontuan jarritakoa, aurrelikidazioak ia 300 milioi gehiago eman du: 5.638 milioi.
2021ean baino gehiago
Orokorrean hartuta, Goierriko udalentzat 2021-2022 bitarteko aldakuntza positiboa aurreikusi du aldundiak. Hau da, 2021eko UFFFren likidazioaren emaitza baino handiagoa espero da 2022ko itxiera aurreikuspena. Baina ez guztiek. Udalerri txikienak, batez ere, iazkoagatik jasotako diru kopurura ez direla iritsiko ebatzi du aurreikuspenak.
Aramak %8,7 negatiboa du bi kopuruen arteko aldakuntza; Gaintzak (-8,43), Altzaga (-5,97), Mutiloa (-1,67), Ezkio-Itsaso (-1,01) eta Gabiria (-0,29) dira prebisio negatiboa duten herri txikiak. Kozkorragoak Ormaiztegi (-0,96), Idiazabal (-0,36) eta Legazpi (-0,46) dira.