Heziketa, herri osoaren esku
Segurako Udalak Hezkuntza modu integralean lantzeko prozesua jarriko du martxan gaur, Oinherrirekin batera. Eragileei hiru saioetan parte hartzeko deia egin diete.
Segurako Udalak eta Oinherri Herri Hezitzaileak sustatzeko elkarteak hezkuntza modu integralean lantzeko prozesua jarriko dute gaur martxan. Herriko eragile ezberdinekin heziketa erronkak identifikatu eta estrategia partekatu bat garatzea da prozesuaren helburu nagusia. Segurako hezkuntza jorratuko duen elkargune bat sortzea da aukeretako bat.
Hiru saio egingo dituzte: Segurako hezkuntzaren diagnostikoa egingo dute aurrena; hartu nahi den norabidea zehaztuko dute horrekin; eta, azkeneik, helburua lortzeko ekimenak abian jarriko dituzte. Hezkuntza modu integralean herriko eragile ezberdinekin jorratu eta jarraibide partekatu bat zehaztuko dute. «Inkonszienteki herri osoa hezitzaileak gara, ez guraso eta irakasleak bakarrik», agertu du Izarra Urdalleta Segurako alkateak. Umeek herrian ikusten dutena, ohiturak eta inguruan dituzten estimuluak barneratzen dituztela gehitu du alkateak, eta horregatik zabaldu nahi dute herri osora heziketaren ardura.
Eragileen parte hartzea
Arlo emozionala zein fisikoa landuko dute. «Adibidez, hirigintza ere leku batzuetan umeen begietatik egituratzea». Ahalik eta ideia osatuagoa egite aldera, herriko eragile guztiak gonbidatu dituzte saioetan parte hartzera, eta baita hezkuntzan interesa duten norabanakoak ere. Diagnostikoa egin ondoren zehaztuko dituzte egin beharrekoak, baina herriko talde eragile ezberdinetako kideez osatutako hezkuntza elkargune bat osatzea da aukeretako bat, «batzorde bat sortzea herri hezitzaileaz arduratuko litzatekeena». Haurren heziketarako bideorri bat eraiki, haurrak horren parte egin eta herritarrak umetatik herriaren norabidean inbolukratuko dituzte: «Umetatik heziketa hori emanez gero, herrian inplikatzen badiezu, herriarekiko beste maitasun bat izango dute».
Oinherriren eremuak
Hezkuntza nola jorratu erabakitzen dutenean, Oinherriren zazpi eremuetan oinarrituta jardungo dute: haurren kultura aitortzea; haurren erabakitzeko ahalmena ematea; haiek eraikitako asia hezitzailea eta euskalduna garatzea aniztasunetik, parekidetasunetik eta ingurumena zainduz; komunitate-sarea eta auzolana sustatzea; eta pertsonen arteko harreman osasuntsuak ehuntzea.
Gaur ekingo diote hezkuntzari beste forma bat emateko lanari, Kultur Etxean, 18:30ean. Hurrengo saioak azaroaren 9an eta 30ean izango dira.
PROZESUKO SAIOAK
Gaur, urriak 26
Herriko hezkuntza arloaren diagnosia. Seguran burutzen diren egitasmoak azaldu, eragileak identifikatu eta elkarlanak aztertuko dituzte, Kultur Etxean, 18:30ean.
Azaroak 9
Hezkuntzarako herri estrategia. Nora joan nahi den zehaztu eta herri estrategia aukerak ma-haigaineratuko dituzte, Kultur Etxean, 18:30ean.
Azaroak 30
Plangintza partekatua. Zer ekintza egingo dituzten erabaki eta herriko hezkuntza elkargu- nearen ezaugarriak zehaztuko dituzte, Kultur Etxean, 18:30ean.