Nola bizi nahi duten erabakitzeko eskubidea
Adimen urritasuna duten pertsona batzuk era autonomoan bizi dira, horrela erabaki dutelako. Atzegiren azken kanpainaren harira, hiru legazpiarrek egunerokoari aurre nola egiten dioten kontatu dute.
Adimen desgaitasuna duten pertsonek ere nahi duten erara bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen ari da azken asteotan Atzegi elkartea, urteroko sentsibilizazio kanpainaren bidez. Tokian toki egiten ari diren aurkezpenetan, eskubide horretaz baliatu diren pertsonen testigan- tzak eman dituzte ezagutzera.
Legazpin, Juan Mari Mendizabalek eta Jose Luis eta Ramon Plasencia anaiek kontatu dituzte euren esperientziak. Jesus Mari bakarrik bizi da, eta bi anaiak batera bizi dira. Gainerako pertsona guztiek bezala, egunerokoaren erronkei eta zailtasunei aurre egiteko gai direla diote hirurek, nahiz eta gai batzuetarako laguntza behar izaten duten.
Bakarrik gustura
Fakturak, bizilagunekin harremanak, erosketak, garbiketa, jatorduak… egunerokoarekin lotutako zereginak dira, eta bere kabuz bizi diren adimen urritasuna duten pertsonek ere horiei aurre egin behar izaten diete beste guztiek bezala, batzuetan modu autonomoan, beste batzuetan laguntzarekin.
Jesus Mari Mendizabal legazpiarra da, 64 urte ditu, eta bakarrik bizi da aspalditik etxebizitza batean. Egunez egunekoari eusteko autonomoa da, baina «bi arrebek laguntzen didate, eta astean bi aldiz etxea garbitzera etortzen zait pertsona bat» dio, batzuetan laguntza behar izaten duela onartuz.
Bakarrik bizitzeko eskubide osoa duela dio Mendizabalek, eta gustuko duela gainera. Hala ere, batzuetan, bakarrik bizi diren askok bezala, konpainia falta sumatzen duela ere aitortu du, «beste batekin bizitzeko, konforme!».
Errealizatuta sentitzea
Atzegiren azken kanpainaren mezuarekin bat egiten dute, baita ere, Jose Luis eta Ramon Plasenciak. Jose Luisek 55 urte ditu, eta Ramonek 49. Bi anaiak elkarrekin bizi dira, biak bakarrik, eta kasu honetan, elkarbizitza da erronka nagusietako bat. «Gure arteko elkarbizitzan, egun batzuk onak dira, beste batzuk txarragoak… Batzuetan haserre zaude edozer gauzagatik, lana gaizki joan delako, edo baten batekin eztabaidatu duzulako, eta horrek eragina izaten du etxean, 24 orduko elkarbizitza zaila da!», dio Jose Luisek. Alderdi onak badituela ere azaldu du, elkarren ondoan daudelako beti, elkarri laguntza eskainiz eta zereginak banatzeko aukera dutelako.
Bi anaiak bakarrik bizi dira, baina kanpoko laguntza ere badute Plasenciatarrek, «jatordu eta garbiketa kontuetarako, eta gai ekonomiko eta pertsonaletarako ere bai». Bizilagunen jarrera ona ere nabarmendu du, oso ondo konpontzen delako gertukoekin.
Laguntzarekin bada ere, autonomoa sentitzen dela dio Jose Luisek, eta ahal duen bitartean horrela bizitzen segi nahi duela gehitzen du, anaiarekin batera, biak bakarrik. Lanera joateko goizean goiz bere kabuz jaikitzen jarraitu nahi du, eta denbora librean nahi duena egiten jarraitu nahi du, batez ere mendira joaten. «Gustatzen zaidana egiten dut, eta mendira joatea nik aukeratutako gauza bat delako, adibidez, pertsona bezala errealizatuta sentitzen naiz».
Emantzipatzeko prest
Legazpiko bi esperientzia hauen aurrean, Atzegiko Goierri garaiko arduraduna den Nino Hernandezek nabarmendu du gazte askok bezala, adimen desgaitasuna duten pertsonek ere emantzipatzeko gogoa dutela. «Horretarako, Atzegik laguntza eskaintzen die, bizitza independiente- rako prestatzeko tailer batzuen bidez. Besteak beste, gai ekonomikoetarako jarraibideak, jatorduetarako eta etxearen garbiketarako aholkuak… ematen dizkiegu».
Adimen desagaitasuna duten emakume zein gizon gazteak joaten dira tailer horietara, «egunen batean gurasoen magaletik aldendu nahi dutenean, independiente izateko eta bakarrik egoteak ematen dien askatasunaz gozatzeko prestatuta egon daitezen».