«Europak argitasun markua martxan jartzea eskatzen dugu»
Jon Altolagirre (Urretxu, 1983) Urretxuko zinegotzia izan zen 2011-2015 agintaldian, eta Josu Juaristi eta Pernando Barrena EH Bilduren europarlamentarien taldeetan lan egin du.
Zazpi urte pasa dira dagoeneko Bruselara lehenengoz joan zinetik.
Bi etapatan lan egin dut bertan. 2015eko irailean joan nintzen eta bi urte eman nituen bertan. 2019ko uztailean itzuli nintzen, legegintzaldi berriarekin.
Zer moduz bertan?
Pandemiak bigarren etapa hau goitik behera baldintzatu du. Han egindakoa behar bezala gizarteratzea eta Euskal Herrira begirako hainbat ekimen aurrera ateratzea eragotzi digu, baina lan asko egin dugu. Pandemiarekin psikosi moduko bat sortu zen eta ekoizpen lan handia egitea eskatu zen.
Zein izan da zuen lanaren ardatza?
Gure helburu nagusia erabakitze eskubidearen aldeko europarlamentari talde bat osatzea izan da. Horrek estaturik gabeko nazioetako beste europarlamentari batzuekin lan egiteko aukera eman digu. Europaren etorkizuna berriro mahai gainean dagoenean, tratatuen aldaketagatik-eta, garrantzitsua da. Legealdi hasieran kezka bat zegoen, herritarrek urrun ikusten dutela Europar Batasuna, eta tratatuen aldaketak horri erantzun nahi dio. Horrek, gure txikitasunetik, estatu gabeko nazioen debateari ate bat irekitzen dio. Erabakitze eskubidea artikulatzeko garaian, ez dadila estatu bakoitzaren barruko kontua izan. Irtenbide demokratikoak eman behar zaizkie. Europak argitasun markua martxan jartzea eskatzen dugu. Erabakitze eskubidearen inguruko aferak daudenean, jarraibide bat egon dadila, irtenbide demokratiko eta baketsu bat lortzeko.
Baikorra al zara?
Ukrainako gerrak gauzak goitik behera aldatu ditu. Ultraeskuinaren igoera geroz eta kezkagarriagoa da, baina estaturik gabeko nazioetan ultraeskuinak inon baino indar gutxiago du. Europak ulertu behar du estaturik gabeko nazioen errealitatea ez dela apurtzailea. Bere intereserako erabili dezakeen zerbait da. Denok dakigu status quo-a zein den, estatuek agintzen duten, baina Eskoziaren kasua oso interesgarria izan daiteke. Datorren urtean erreferenduma egin eta baiezkoa ateratzen bada, Sturgeon-ek Europar Batasunean sartzeko eskaera egingo dutela esan du. Seguru aski, estatu guztiek baiezkoa emango diote. Horrek bide bat ireki dezake. Gauza bera Irlandarekin. Sin Feinn-ek bi urte barruko hauteskundeak aise irabaziko dituela eta Irlanda batzeko prozesua martxan jarriko duela dirudi. Mugimenduak aurreikusten dira eta aukeren leiho hori zabaldu behar da.
Zoritxarrez, Europar Batasunaren garai zirraragarrienetako bat bizitzea tokatu zaizu: Brexit-a, pandemia, Ukrainako gerra…
Pandemiaren aurrean, erantzuna 2008ko krisiari eman zitzaion erantzunaren aurkakoa izan zen: gastu publikoa handitzea eta herritarrei laguntzeko neurriak martxan jartzea erabaki zen. Baina Ukrainako gerrarekin beste gastu batzuk lehenetsi dira: defentsa gastuak. Bestalde, Europar Batasunak krisi klimatikoari aurre egiteko neurriak lehen mailan jarri ditu. Neurri handiak jarri dira martxan: 2050erako karbono isurketekin amaitzea. Sekulako erronka da. Baina etxeko lan asko ditugu egiteko.
Zer diozu Ukrainako gerraz?
Ekialdeko herrialdeek Errusia mehatxu bezala ikusten dute. Ekialdeko herrialdeek Errusiarekin muga egiten dute eta Ukrainari armekin laguntzeko eta Errusiari ahalik eta zigor gehien ezartzeko eskatu dute. Inbasioaren aurka gaude, baina baita gerra hau betikotzearen aurka ere. Guztiz kaltegarria da. Batez ere ukrainarrentzat, noski, baina baita Europako gainontzeko herritarrentzat ere. Prezioen igoerarekin, pobretzen ari gara. Putinek egin duenak ez du inongo justifikaziorik, baina diplomazia da honekin amaitzeko bide bakarra, baldin eta amaitu nahi bada. Prezioen igoerarekin enpresa asko sekulako negozioa egiten ari dira. Honek amaitu beharra du.
Nola ikusten duzu Europar Batasunaren etorkizuna? Geroz eta eragin txikiagoa duela dirudi.
Errusiak ere munduko errekurtso naturalen banaketan parte hartu nahi duela esan die Amerikako Estatu Batuei eta Txinari. Inbasioa Europar Batasunaren atarian egin du, baina Europar Batasunak geroz eta eragin txikiagoa du mundu mailan eta AEBri jarraitzea erabaki du. Ukrainako gerra hasi aurretik, NATO gainbeheran zegoen eta Europak bere bide propioa egin beharko luke. Europar Batasuna herritarren bizi maila hobetzeko tresna bat izan beharko litzateke. Baita, bere sorreran finkatu zen moduan, mundu mailako askatasunen zaindari. Baina horri muzin egiten ari zaio. Tratatuen berrikuntzak bide horretatik jo beharko luke. Espazio komunak ondorio onak ekarri ditu, batez ere bertan bizi direnentzat, baina errefuxiatuei ematen ari zaien trataera lotsagarria da. Gainera, Europar Batasunaren barruan berriro mugak ezartzearen inguruko debatea piztu da. Frantzia hori egiten ari da. Bidasoa ibaia Melillako harresia bihurtzeko bidean da.
Herrira itzuli zara. Zertan ari zara?
EH Bilduko Gipuzkoako egituran nago. Maiatzeko hauteskundeen prestaketan lan egiten ari naiz.
Maiatzean udal hauteskundeak izango dira. Urretxuko zerrendan joango al zara?
Hori Urretxuko EH Bilduko komunitatea osatzen dugunok erabaki beharko dugu. Bere garaian udal gobernuan egon nintzen eta herriak, obraz harago, komunitatea berreskuratzeko beharra duela uste dut. Eta aldaketa klimatikoaren kontuan eta energiaren kontuan zezenari adarretatik eusteko ordua dugu. Hor gabezia handiak daude. Bestalde, Urretxuko eta inguruko herrietako biztanle askok beraien herrietatik kanpo lan egiten dute eta horri ere erantzun bat eman behar zaio. Industriala izan den eskualde hau hirugarren sektorekoa bihurtu da ia erabat.