Txistularien juntadizoa
Beasaingo Goizeresi Txistulari Taldeak 40. Alardea egingo du bihar. Beasaingo, Goierriko eta beste hainbat tokitako txistulariak elkartuko dira. Aurrez kalejira egingo dute.
COVID-19 koronabirusak baldintzatu bai, baina ez du eten Beasaingo Goizeresi Txistulari Taldearen urteroko juntadizoa. Gonbidaturik gabe, eta zegozkion neurriak hartuta, 2020an eta 2021ean Alardea egin zuten, eta bihar, urriko azken larunbatarekin bat eginez, 40. aldiz egingo dute Beasaingo Txistularien Alardea. Udazken Kulturalaren barruko ekitaldirik beteranoenetako bat da.
Unai Ariztimuño da Goizeresi Txistulari taldeko zuzendaria gaur egun. «2020an egin behar genuen aldaketa, festa garaian, baina pandemiarengatik ez genuen egin. Iazko urritik naiz taldeko zuzendari». Hura arduratuko da, horrenbestez, biharko emanaldia zuzentzeaz. «Irailetik astero ari gara elkartzen Alardea prestatzeko, bestela hilean behin edo bitan, emanaldien arabera. Musika Eskolaren entsegu gelan biltzen gara». Egun bederatzi txistularik eta atabalari batek osatzen dute taldea.
Gonbidatuekin berriz ere
Osasun eta mugimendu murrizketarik ez dagoenez, aurten txistulari gonbidatuak izango dituzte berriz ere. «Ordizia, Lazkao, Idiazabal, Urretxu-Zumarraga, Legazpi, Tolosa, Donostia eta Nafarroatik etorriko dira txistulariak, baita Frantziatik ere –ez Ipar Euskal Herritik. 50 txistulari inguru elkartuko gara», nabarmendu du Ariztimuñok.
Horiez gain, kolaboratzaile talde handia izango dute lagun oholtzan: Julen Iraola (ahotsa); Emilio Lopez eta Kirian Uralde (tronpetak); Lucia Moya (tronpa); Iker Lizartza (tronboia); David Gonzalez (tuba); Karlos Alcala (bateria); Asier Capon (soinua eta dultzaina); Ivan Luque eta Jokin Barriola (dultzainak); Xabi Garmendia (irudiak); Ostadar Dantza Taldea; Ekaitz erraldoi konpartsa; eta Beasaingo Musika Eskola. Aurkezle lanak Izaskun Salazarrek egingo ditu. Alardeko Beasaingo Udalaren laguntza dute.
Lehen alardeko bi pieza
Basakana taberna paretik abiatuko den kalejiraren hasiko dute bihar txistularien juntadizoa (19:00), «ohitura onak ez galtzeko». Eta han Beasain jaietan kalejira joko dute, «lehen alardean jo zen pieza berbera». Alarderako –Gernika pasealekuko frontoian izango da, 19:30ean– hamar pieza gorde dituzte, estilo askotarikoak. «Hemen ere lehen alardean jotako Batelarien zortzikoa joko dugu, modu berean». Ordubete inguru iraungo duen emanaldia Beasaingo Martxa joz borobilduko dute.