Etengabeko joan etorria Goierriko hilerrietan
Goierritar askok Domu Santu Eguna hilerrira joan eta ez daudenak oroitzeko baliatu dute. Loreek hilerriak alaitu dituzte

Goierriko hilerrietan ohi baino joan etorri handiagoa izan da gaur. Ez da harritzeko, Santu Guztien Eguna izanik. Familia askotan errotutako ohitura da azaroaren lehendabizikoan ez daudenak oroitzeko hilerrira joan eta lore eskaintza egitea. Atzo jende ilarak izan ziren Beasaingo loradenda batean, kasu, gaurkorako dena prest izateko.
Familia batek kontatu du urtean hiru bider etortzen direla hilerrira. Hildakoaren urtebetetze egunean, heriotzaren urteurrenean eta Domu Santu egunez. Ahaideak ez ahazteko era bat dela diote. Beste familia batek, berriz, aitortu du gutxiago etortzen direla. Han eta hemen sakabanatuta bizi direnez, esan dute gaurko eguna baliatzen dutela senitarteko guztiak elkarteko, bizirik daudenak eta joan direnak. Hilobia apur bat atondo, lora berri eta ederrak jarri, eta etxeko txikienei euren arbasoak nor ziren gogorarazi diete.
Familietan gerturatu da jendea gaurkoan nagusiki. Euren kabuz bakarrik joandako gazterik, ez. Gau Beltzeko parranda nahiago dute horiek, hilerriko giro isil, triste eta barnerakoia baino. Azken urteetan indarra hartzen ari den ospakizuna da eta atzo iluntzean eta gauean izan da mugimendua eskualdeko herri handienetan.
Dena den, gaurkoan hilerriak ez dira horren beltz, ilun eta tristeak. Loreek kolorez jantzi dituzte hilerriak eta ezagunen bat ikusi eta kontu kontari haritzeko ere aprobetxatu dute batzuek.
