«Borondatearekin, herri txikiek baliabide nahikoa izango lukete»
Legorretako aguazila izan da Joxe Lasa (Legorreta, 1959) berrogei urtez eta erretiroa hartu du. Urte hauetan egindako lanaz, Legorretaz eta legorretarrez, eta alderdi pertsonalagoaz ere mintzatu da.
Nola zaude?
Oso ondo! Orain bai! Hasieran zaila egiten da, erretiroa hartzen duzunean kolokatzea zaila izaten da, birkolokatu behar duzu. Lehenengo egunak eta asteak izan ziren, oporretan egotea bezala. Baina dagoeneko ia sei hilabete daramazkit erretiroa hartuta, eta poliki-poliki ohitzen ari naiz.
Etapa berri honetarako prestatzen edo pausoak emanda, beraz?
Bai, ia birkolokatuta. Badakit goizean ez daukadala lanera joan beharrik, baina badauzkat zer eginak, eta egia esan, hasiera batean beldurra izaten da, nola beteko duzun egunerokoa. Baina uste baino hobeto joan da. Zaletasunak ditut, eta horiei denbora gehiago eskaintzeko aukera dut orain. Etxekolanen ardura gehiago hartu dut ere, ez dut aspertzeko denborarik.
Nolatan hasi zinen aguazil Legorretan?
Soldaduska bukatu eta ondoren izan zen. Garai hartan, nire lagun bat zegoen aguazil, eta beste lan bat atera zitzaion. Bakante geratu zenez, haren ordez hasi nintzen, behin-behineko. Eta gero, plaza atera zenean, oposizioak egin ziren, gainditu eta hantxe jarraitu nuen. Momentu hartan, ikasketak ere ez nituen gehiegi landu, eta hori otu zitzaidanez, suerte hori izan nuenez, aprobetxatu egin nuen.
Herrian bertan horrelako lanak egitea nolakoa da?
Udaletxe bateko lana da etxe handi bat aurrera eramatea bezala, eta beti dago egiteko zerbait. Alde batean lanean zaudela, beste batetik deitzen zaituzte. Egunerokotasuna konplexua da eta horrek ez du uzten nahi adina eta nahi bezala lan egiten, baina interesantea da.Baditu bere alde onak eta txarrak ere.
Hasieran bakarrik nintzen. Garai hartako udaletxeak Legorretan, eta gaur egun denak, ez du zer ikusirik. Baliabide tekniko eta baliabide pertsonalak ez dute oraingoekin zer ikusirik, askoz ere urriagoak ziren.
Bakarrik nengoenean nik egin behar izaten nuen dena. Azkeneko urteetan beste lankide batzuk izan ditut, eta horrek ere lana beste era batean egitea aukera eman du. Lan gehiago egin ahal izan dugu, herria ere hobeto zaindua dago orain. Bakarrik, ahal zena egiten nuen.
Legorreta bezalako udal txikientzat, baliabideak lortzea zaila da?
Aurrekontua mugatua da Legorreta bezalako herri batean, baina kontutan izan behar da herri txiki eta herri handi batek beharrak berdintsuak dituela. Baina nahiz eta beharrak berdinak izan, liga desberdinetan jokatzen dugu. Azken finean, ez da gauza bera Beasain edo Lazkao bezalako herrietan dauden baliabideak, beti izan dute gehiago; kaleak garbitzeko makinetatik hasita, baita herriko festetarako ere. Ezin da konparatu.
Uste duzu nolabait hobetu litekeela hori?
Uste dut posible dela ondoko herriekin elkarlana izango balitz, hau da, ondoko herriekin baliabideak elkarbanatzea izan daitekeela irtenbidea, norbere herrian baliabide nahikoa ez denean. Horretarako harremana landu behar da, baina batez ere borondatea behar da.
Egunerokoan bai, eta momentu txarretan nola egiten da?
Bada, adibidez, uholdeak izan zirenean. 1983. urteaz ari naiz, ni udaletxean lanean sartu berria nintzen. Ikaragarria izan zen, ez zen kalte pertsonalik izan baina kalte materialak handiak izan ziren. Baina, momentu txarrenetan ere ateratzen dira gauza positiboak. Herritarren erantzuna izan zen oso-oso ona, eta horri esker, gertatutakoari buelta eman ahal izan genion eta leku guztietara iritsi ginen, Ajoain-Patxikone ingurutik Errekalde alderaino, denak palarekin, mangerekin, kaleak garbitu, bajerak garbitu, ekaitzak sortu zituen kalteak konpondu… Horrelako momentuetan ikusten da udalaren baliabideak oso urriak zirela. Markatzen zaituzten uneak dira.
Baina esandako moduan, legorretarren jarrera ikusgarria izan zen. Jendeak zeuzkan tresnak ekarri zituen. Lankidetza handia izan zen herrian. Horrelako momentuengatik, oso oroitzapen onak gordetzen ditut.
Eta elurteetan, zer?
Nik gogoratzen dudan elurte handienetako bat izan zen, 1983 urteko uholde hura gertatu eta urtebetera edo. Orduan ere, herritarrek konpromiso handia erakutsi zuten, eta denen artean lortu genuen.
Legorretak eta legorretarrek kasta berezia dute?
Ez dakit den kasta edo zer den, baina egia da, horrelako egoerak eman izan direnean, jendea kalera atera dela laguntzera. Horrelako egoera zailetan bakarrik ez, esan beharra daukat bestelakoetan ere jendeak prestutasuna erakusten duela, begira bestela herriko festetan. Horri esker antolatu ahal izan dira gauza asko. Balio erantsia da hori.
Zein izan da zure lanaren alderdi politena?
Legorreta ezagutzea. Nire lanak ahalbidetu dit Legorreta goitik behera ezagutzea, bai herrigunea, bai baserri auzoak. Horrek dauka xarma handia niretzako Aberastasuna da niretzako kalean lan egitea, lau paretetan sartuta egotea baino.
Eta beste bat izan da, hemen egoteak ahalbidetu didala beste gauza batzuk egitea ere; ikasketa batzuk egin ditut, adibidez. Filosofia oso gustuko izan dut beti, eta unibertsitateko ikasketak egin nituen, lanarekin uztartuz.
Orain, erretiroa hartuta, denbora libre gehiago izango duzu. Zertan igaro nahi duzu zure denbora?
Goizean goiz jaikitzen naiz, eta etxeko lanei lehen baino denbora gehiago eskaintzen diet. Ondoren mendi buelta bat egiten dut. Oso gustuko dut mendian ibiltzea. Azken aldian irakurtzeko ere denbora gehiago dut, margotzen ere pasatzen dut denbora,… Zaletasunak badauzkat eta ahal dudan bitartean horiek izango dira nire denbora pasak.