'B aukera' martxan dago, erosketak eta kontsumoa herrian egiteko
Beasaingo Udalak eta eskualdeko merkataritza bulegoak elkarlanean abiatu dute kanpaina. B aukeraren alde egitea da bertakoa aukeratzea, «Beasaingoa, aukeratzea».

Kontsumitzerako garaian «A eta B aukeren artean, B aukeraren alde» egiteko gonbita egin du Beasaingo Udalak. «Tokiko merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen alde» egitea da B aukera, «Beasaingoa eta Beasainen» kontsumitzea erabiltzea, alegia. Kanpainaren xehetasunak emateko aurkezpena egin zuten eta bertan izan ziren Leire Artola Beasaingo alkatea, Eneritz Iturrioz eskualdeko merkataritza bulegoko teknikaria eta Marijo Irazustabarrena herriko merkataria.
Internet bidezko eta merkatal zentro handietan erosketek eta kontsumoak gora egin duten garai hauetan, tokikotasuna, gertutasuna eta konfiantza balorean jartzeko konpromisoari eutsi dio Beasaingo Udalak. Merkataritza bizirik izatea «funtsezkoa» da udalerri bizi bat izateko. Alkatearen hitzetan, B aukerak, Beasaingo aukerak, erosketa-esperientzia zabalagoa eskaintzen digu, aberasgarriagoa, online erosketa ez bezalakoa, kalez kale ibiltzea, herriko bizilagun eta merkatariekin elkarreraginean aritzea, aholkatzen uztea, udalerriko beste ostalaritza-esperientzia batzuekin uztartzea barne». Artolak gaineratu zuen «ekonomia zirkularra bultzatzen» duela B aukerak.
Alkatearen hitzak borobilduz, Eneritz Iturriozek eta Marijo Irazustabarrenak, biek nabarmendu dute horrelako kanpainen garrantzia; «funtsezkoa da saltoki txikiek tokiko bizitzan duten funtzioa nabarmentzea». Merkataritza-gune handiek eta, bereziki, online erosketek dakarten mehatxuaren ondorioz, tokiko merkataritzari garrantzia ematen eta tokiko merkataritzaren hurbiltasuna, konfiantza, tratua eta zerbitzu ona azpimarratu dituzte.
Sentsibilizazio kanpaina hau, duela aste batzuk jarri zuten martxan. Udalerriko establezimenduek eskaintza hori erakusleihoetan bereizgarri batzuk jarriz ikusarazi dute, euren burua B aukera gisa eskainiz. Hau da, interneteko bat-bateko kontsumoaren aurrean, «Beasainen B aukera» proposatzen dute.
Ekintzak kalean
Tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduak suspertzeko helburuarekin abiarazita kanpaina honen testuinguruan, ekintza gehiago ere egingo dira. Erauskin plazan, adibidez, erosketa-poltsa erraldoi batek bi alboetan kanpainaren grafikoak erakutsiko ditu, bi erosketa-esperientzia desberdinekin, B Plana aukeratzera gonbidatuz. Halaber, lurzoruko binilo batzuek herria beteko dute mezu protagonistarekin.
Azkenik, Beasaingo establezimenduetan eta lokal hutsetan, kanpaina osatzen duten lau erosketa esperientzien grafikoa erakutsiko da kartelen bidez, baita euskarri digitaletan ere.