Legorretako Udalaren adierazpena Aitor Esnaola espetxeratzeko erabakia dela eta
Legorretako Udaleko osoko bilkurak, aho batez, EH Bilduren eta EAJren botoekin, mozio bat onartu du, eta Espainiako Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralaren erabakiagatik "kezka" azaldu du.

Hauxe da, hitzez hitz, Legorretako Udalak kaleratu duen adierazpen instituzionala:
“Aitor Esnaola berriro kartzelan sartzeko agindu du Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren eskariz hartu du erabakia. Esnaola joan den maiatzetik zegoen hirugarren graduan: pultsera telematikoarekin herrian ibili da. Martuteneko espetxeko tratamendu-batzarrak erabaki zuen Esnaola hirugarren graduan jartzea.
Fiskalak helegitea jarri zuen, eta hori onartzea erabaki du Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralak. Berriro bigarren graduan ezarri dute Esnaola, eta kartzelan sartu behar izan du, beraz.
Legorretako Udaleko osoko bilkurak, aho batez, EH Bilduren eta EAJren botoekin, mozio bat onartu du. Adierazpen horretan gogora ekarri du joan den maiatzetik herrian zela Esnaola. “Legeak dioen bezala, birgizarteratze-prozesuan, legearen baldintza guztiak beteta eta legedia arrunta aplikatuz. Inongo arazorik gabe, ez bere egunerokoan, ez Legorretako herriarenean”.
Erabakiagatik kezka azaldu du Legorretako Udalak. Gogora ekarri du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza “behin eta berriro” ari dela presoen gradu-progresioen aurkako helegiteak jartzen. Espetxeko organoek hartutako erabakien kontra egiten du Fiskaltzak horrela. “Kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak”. Horregatik, organo horien erabakiak aintzat hartzeko eskatu du Legorretako Udalak, “gradu-progresioak edota espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena”.”