Udaberriari begira jarrita
Landare saltzaileek asteak daramatzate udaberriari begirako eskaintzarekin, eta ilarra izan da saltzen jarri duten azkenetakoa. Bitartean, udazken-neguko produktuak etengabe iristen dira feriara, ziazerba bezala.

Ordizia Txapeldun gazta lehiaketak giro aparta jarri zuen atzo ferian, eta goizean goizetik mugimendu berezia sumatu zen plaza inguruan, izan prestaketa lanek, izan epaimahaikoen dastaketak, edo izan ikuskizunak erakarrita joandako kuxkuxeroek eragindakoa. Mugimendu hori izan zen atzoko nobedade nagusietako bat, produktu berri gutxi batzuen iritsierarekin eta wifiarekin batera.
Izan ere, azokako saltzaileak ere sartu behar izan dira TicketBai fakturazio sisteman, eta Interneterako konexioa behar dutenez bezeroei ticketa edo faktura emateko, udalak wifia konektatu du plazan eta Zuhaiztian haien erabilerarako.
Bestalde, berritasunen artean, ilar landarea aipatu behar da lehenik. Monteseko Patxi Izagirrek zuen salgai, 0,20 euroan unitatea. Alberto Printzea deituriko mota saldu izan du orain arte, baina «hemen ez du asko ematen», eta aurten Utrillo izenekoarekin hasi da, emaitza hobeak emango dituelako.
Ilarra hasi berria den bezala, landare saltzaileak aspalditik dabiltza udaberriari begirako eskaintzarekin, eta hau dute salgai: tipulin gorria eta zuria (3,50 € ehunekoa); tipula (3,50 € ehunekoa); porrua (4 € ehunekoa); erremolatxa, eskarola, azalorea, brokolia, lonbarda, romaneskua, kale aza, zerba berde eta horia, eta errefautxoa (0,20 €); eta udaberriko aza (0,15 €).
Sagar eta madari gehiago
Bi barazki berri ere aipatu behar dira: ziazerba (1-1,5 € sorta), eta azalore morea. Ziazerba postu batean baino gehiagotan zuten salgai, baina azalore morea Monteseko Arantxa Iparragirrek zuen bakarrik, tamaina txikikoa, eta 1,20 euroan bakoitza.
Fruten atalean ere izan ziren berritasunak, eta Aramako Arantxa Zurutuzaren postuan Errezil sagar grisa eta Fuji sagarra hasi ziren saltzen atzo (3,8 €), baita Mantecosa de Hardy deituriko madaria ere (3 €). Bestela, intxaur gehiago ikusten da, baita hurra ere.
Onddo ugari
Lehor dagoela basoa, onddo gutxi dagoela… baina atzo behintzat Ordizian ez zen horren seinalerik, bai plaza barruan bai kanpoan kantitate handia jarri zutelako salgai. Plazan, Axun Etxeberria, Arantxa Zurutuza eta Arantxa Lopetegiren artean 13 kilo eskaini zituzten, 30 euroan kiloa. Kanpoan, Lasa eta Barcinaren artean 340 kilo eskaini zituzten (15-30 €).
Horiez gain, beste perretxiko hauek ere bazituzten: 29 kilo niskalo (18-22 €), 20 kilo saltsa perretxiko beltz (18-22 €), 15 kilo mendiko angula (18 €), eta hiruna kilo kardu perretxiko (22-24 €) eta ziza hori (24-26 €).
Orburuak eta zitrikoak
Fruta saltzaileak hasi dira Nafarroatik orburuak ekartzen. Tuterako orburu dozena 5,95 eta 6,9 euro artean eskaini zuten atzo. Zitrikoen garaia ere bada, eta postuak laranja, mandarina eta klementina berriez beteta dituzte, besteak beste.