Artzai Gazta elkarteko Goierriko hiru gaztandegi World Cheese Awards txapelketan sarituak
Ataungo Troskaetak urrezko domina bat lortu du, Gabiriako Baztarrikak brontzezko hiru eta Zeraingo Garoak brontzezko bat. Sustrai goierritarreko La Leze gaztandegiak (Ilarduia, Araba) zilarrezko eta brontzezko domina bana eskuratu du.
Artzai Gazta elkartearen barruko Goierriko hiru gaztandegi World Cheese Awards txapelketaren 34. edizioan sarituak izan dira. Ataungo Troskaetak urrezko domina bat lortu du, Gabiriako Baztarrikak brontzezko hiru eta Zeraingo Garoak brontzezko bat. Sustrai goierritarreko La Leze gaztandegiak (Ilarduia, Araba) zilarrezko eta brontzezko domina bana eskuratu du.
Artzai Gaztako artzainek beren latxa artaldearen esnearekin egiten dute artzain gazta artisaua. “Guztiek bizimodu horren alde egitea erabaki zuten, artzaintza eta kalitate handiko gazta egitea, milaka urteko elaborazio-prozesuan oinarrituta eta ukitu pertsonala emanda”, adierazi du ohar bidez Artzai Gazta elkarteak.
30 herrialde ezberdinetako 250 epaile ingururen ardura izan da gazta onenen izendapenak argitzea. 4.434 gazten artean gure Artzai Gaztako 27 gaztak nabarmendu dira. “Horrek are garrantzi handiagoa ematen dio sariari. Gaztandegi artisauak dira, horietako gehienak Idiazabal Baserrikoa JDBaren pean. Berriz ere munduko gazta onenen artean sarituak izan dira, bere kalitate handia ziurtatuz eta gure gaztaren izen ona nazioarte mailan zabalduz”.