Bihar iritsiko dira Mari Domingi eta Olentzero Mirandaolara
Berritasun nabarmenena Mari Domingiren parte hartzea da, eta Olentzerok bezala ikatza egiten badakiela erakutsiko du.
Asteburu honetan hasiko du Lenbur Fundazioak Mari Domingiren eta Olentzeroren kanpaina. Gabonetako bi pertsonai horiek Mirandaolan izango dira haurrekin bihar arratsaldean eta igande goizean.
Uda ondoren hasi zen Lenbur jarduera edo tailer horretarako sarrerak saltzen, eta dagoeneko 8.000tik gora erreserba jaso ditu. Aurten txanda gehiago jarri ditu Lenburrek eta tailerretan pertsonai eta osagai berriak gehitu ditu. Horri guztiari aurre egiteko, 25 langile izango dira lanean kanpaina honetan.
Mari Domingi, berritasuna
Aurtengo tailerrak berritasunekin datoz, baina nabarmenena Mari Domingiren parte hartzea izango da. Bere nortasun propioarekin jardungo du Mari Domingik, eta Olentzerok bezala ikatza egiten badakiela erakutsiko du. Gainera, izadiaren sekretuak ere ezagutzen ditu, eta sendabelar, landare edo zuhaitzez dakiena konpartituko du.
Jarduera hau Euskal Burdinaren Museoan hasiko da ipuin-kontaketa saio batekin. Parkera joango dira gero partaideak, bi pertsonaien bila, eta gero denak elkarrekin burdinolara joango dira. Han, haurrek Mari Domingi eta Olentzerorekin egoteko aukera izango dute.