Duela 200 urteko buruko militarra Zumalakarregin
Albizturko Laskibar sendiak dohaintzan eman dio Ormaiztegiko museoari Manuel Laskibar kapitainarena izandako kasko bat, eta erakusgai dago. 1823an sortutako boluntarioen gudarostekoa zen.
Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak pieza bitxi bat gehiago du Musealiak erakusketan, lehengo ostiralaz geroztik. Boluntario Erregetiarren Gipuzkoako Tertzioetako kapitain baten buruko militar bat da —txako edo morrioi ere deitua—, duela berrehun urtekoa. Albizturko Laskibar sendiak egin du dohaintza. Hain justu, Zumalakarregi ikusgai dagoen Elena Tuduri. Erramuaren sekretua. Euskal jantzien ikerketan aitzindari eta Goikoetxea bildumako oihalen emaileek.
Lehengo ostiralean aurkeztu zuten pieza historikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Marijose Telleria bertan zela. Kaskoa Manuel Laskibar kapitainarena izan zen, Albizturko (Gipuzkoa) Goikoetxea etxeko nagusia bera. Boluntario erregetiarren Gipuzkoako tertzioa 1823an sortu zuen Fernando VII.ak, liberalismoaren aurkako milizia gisa. Hamar urte geroago, Lehen Karlistaldian armada karlistaren oinarri sendoena izango zen milizia hura.
Kasko altua da Zumalakarregin orain ikus daitekeen burukoa; zilindrikoa eta garaia, ahuntz larruz estalia da. XIX. mendean armada askotan erabiltzen zen buruko mota hori, zalditeriaren sable kolpeen aurkako defentsa modura.
Goikoetxeko ondarea
Buruko militarraz gain, Goikoetxean bi mendez gorde dituzten oihalek, jantziek eta osagaiek egundoko balioa dutela aitortu dute Mikel Alberdi, Emilio Latorre eta Mikel Prieto adituek. Eskerrak eman dizkiote sendiari, Gotzon Uriak ordezkatu zuena. Tuduriren bilduma prestatzen ari zirela aurkitu zuten. Gipuzkoako historiaren berri ematen duen ondarea, kaskoa barne, Zumalakarregin ikus daiteke.