Kiroldegiko autokontsumorako plaka fotovoltaikoak martxan daude
Beasaingo kiroldegiko teilatuan ipini duten instalakuntzak eraikinaren elektrizitate kontsumoaren %31 sortuko du. 311.823 euroko inbertsioa suposatu du.
Beasaingo Antzizar kiroldegiko autokontsumorako plaka fotovoltaikoak martxan daude. Atzo arratsaldean instalakuntzara egindako bisitan Leire Artola Beasaingo alkateak azaldu zuenez, «eraikinaren elektrizitate kontsumoaren %31 sortuko du». Gainera azpiegitura horri esker «Beasaingo eraikin publiko guztiek kontsumitzen dute argi indarraren «%21a» sortuko da. Horri kale argiteria gehitzen bazaio, argi indar guztiaren «%13» sortuko dela adierazi du alkateak.
Hala, 2030 urtera begira Euskadik dituen helburu energetikoak bere egin ditu Beasaingo Udalak eta klima aldaketaren aurka ezarritako helburuetako bat bete du, horretarako beharrezkoak izango diren inbertsio eta proiektu estrategikoak aurrera eramanez. Artolak berak nabarmendu zuen «hamarkada honen amaierarako erakunde publikoek beraien kontsumoa %35 murriztu» beharko dutela, eta kontsumitzen den energiaren «%32a» iturri berriztagarrietatik jaso beharko dutela.
Kiroldegiko teilatuan ipini duten instalakuntzekin, bide horretan «urrats garrantzitsua» eman dela azpimarratu du alkateak.
Proiektu hau, 2021ean garatu zen, eta Goiener taldeak egin du. Alkatearekin batera izan zen Koldo Garzia proiektuaren arduraduna, datu teknikoak errazteko. Autokontsumorako 300kW-ko potentziadun eguzki plaka fotovoltaikoak ipini dituztela azaldu zuen. Plaka fotovoltaikoek jasoko duten eguzki-energiaren bitartez, eraikinak kontsumitzen duen energiaren %31,1 lortuko dela. Aldi berean, urteko 131.645,37 kg CO2ren isurketa saihestuko da atmosferara, edo beste modu batera adierazita, urtean 14.627 zuhaitzek xurgatzen duten CO2 kantitatea isurtzea ekidingo da. Instalakuntzaren aurreikusitako bizi iraupena 25 urtekoa izanda, guztira 3.290.000 CO2 Kg atmosferara isurtzea saihestuko da epealdi horretan.
311.823 euroko inbertsioa
311.823 euroko inbertsioa izan da eta Beasaingo Udalak, Energiaren Euskal Erakundearen laguntza izan du; %80a jarri du EEEk. Horrelako proiektuak babesten jarraitzeko konpromisoa erakutsi du Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak.