N-1 errepidean jarriko diren bidesariak "soilik ibilgailu astunentzat" izango direla berretsi aldundiak
Herritarren artean sortu diren "zalantzak" argitzeko oharra kaleratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bidegi foru agentzia 'Free Flow' sistemaren arkuak jartzen ari da N-1 errepideko irteera-sarrera guztietan. "Ez da aurreikusten N-I eta A-15 errepideetan kotxeei peajea jartzea", zehaztu du.
Datorren urtarrilean N-1 errepidean eta A-15 autobidean martxan jarriko den bidesaria “soilik kamioientzat” izango dela berretsi Gipuzkoako Foru Aldundiak. Herritarren aurrean sortu diren “zalantzak” argitzeko ohar bat kaleratu du diputazioak, eta nabarmendu du bidesari hori “ibilgailu astunentzat soilik” izango dela.”3,5 tonatik gorako kamioiek bakarrik ordaindu beharko dute bidesaria”, zehaztu du.
Bidegi foru agentzia Free Flow teknologian oinarritutako AT sistema muntatzen ari da bi errepideetako irteera-sarrera guztietan. Ibilgailuak gelditu gabe kobratzea ahalbidetzen duen sistema da. Goierrin udan hasi ziren arku horiek jartzen, eta zeresana jarri zuen herritarren artean. Egunkari honek artikulu batean jaso zuen kezka hori.
Ibilgailu arinek A-636 autobidean soilik
Gaur egun AT sistemaren bidez ibilgailu arinek A-636 autobidean soilik ordaintzen dute, “eta ez da aurreikusten N-I eta A-15 errepideetan kotxeei peajea jartzea”. Free flow teknologiak ibilgailua gelditu gabe kobratzea ahalbidetzen du. Goierrin Etzegaraten eta Ordizian, biak N-1ean, daude kamioientzako arkupe nagusi horiek.
Arkupeek ia 30 metro luzeko egitura eta guztira 16 tonatik gorako pisua dute. Horietako bakoitzak matrikulak irakurtzeko eta ibilgailuaren jarraipena egiteko argi infragorridun 12 kamera ditu, 6 noranzko bakoitzean, eta 12 antena, TAG gailuak irakurtzeko eta ibilgailuak kokatzeko, 6 noranzko bakoitzean. Era berean, 6 detektagailu izango dituzte ibilgailuak bolumenaren arabera sailkatzeko; horrelako 3 egongo dira noranzko bakoitzean.