Zaldibiako plaza diseinua ideien arlotik diseinura eta maketara aldatuko dute
Ekainera bitartean, 35 arkitekto ikaslek landuko dute diseinua. Plaza-ingurua berritzeko proiektua 3. eta azken fasean sartu da. Eragile ugari ari da parte hartzen, eta indargunetzat jo dute hori.
Zaldibiako plaza eta inguru osoa berritzeko Ertzetik erdira prozesua une erabakigarrian sartu da. Lehengo astean abiarazi zuen udalak hirugarren eta azken fasea, diseinuarena. Lanurte osoan, arkitekturako 35 unibertsitate-ikasle plaza diseinatzeko proiektuarekin ariko dira.
Xotil Natke arkitekto eta irakasle zaldibiarrak gidatuko du Innsbruckeko Unibertsitatearen (Austria) eta EHUren arteko ikerlan talde hori. Lehen fasean oinarriak ezarri ondoren, uztailean Udako Ikastaroetatik etorrita Zaldibian izan ziren 40 ikasleek —gehienak austriarrak— lekuan bertan egindako lanketak osatu zuen bigarren fasea. Orain, «fase garrantzitsuena eta sensibleena» hasiko da, Natkek Goierri Telebistari esan dionez.
Urriaren hasieratik lanean ari dira 35 arkitektura ikasle, bi unibertsitateetan, eta lanurte osoan jardungo dira; azken emaitza ekainean aurkeztea da asmoa.
Zaldibian hiru kolpetan
Informazioa eta jasotako guztia interpretatuko dute ikasleek, fakultatean. Aurreko parte-hartze prozesuen emaitzak jasotzen ari dira: Hiritik At, Aztiker eta Diputazioak egindako ikerlanak, umeekin, emakumeekin eta eragile askorekin partekatuak.
Hein berean, hiru hartu-eman egingo dituzte herritarrekin, plazaren diseinuaz hitz egiteko. Lehena, azaroaren 14tik 19ra. Donostian biziko dira ikasleak, eta Zaldibiara etorriko dira. Otsail amaieran beste jardunaldi bat antolatuko dute, eta azkena ekainean: sanjoanetan diseinua eta maketak prest izango dira.
Eragile mota ugari ari dira parte hartzen: sozialak, herrikoak, herritarrak, unibertsitateak, aditu eta profesionalak, eta erakundeak. Proiektua «berezi» horrek bihurtzen duela esan du Eztitxu Mujika alkateak. «Uztarketa hori da proiektu honen puntu garrantzitsuetako bat, eta etorkizunerako lan egiteko modu bat islatzen du».