Olanoren odolkia goretsi dute Beasaingo txapelketan, bederatzigarren aldiz jarraian
Olano harategiak irabazi du gaur Beasainen jokatu den 37. Odolki Txapelketa. Puntu alde handia atera dio bigarren sailkatu den Mujika Anaiak harategi beasaindarrari. Lau finalistetatik hiru, Beasaingoak. Zortzi odolkigilek aurkeztu dituzte hestebeteak.
Beasaingo Olano harategia jaun eta jabe izan da gaur Beasainen jokatu den 37. Odolki Txapelketan. Zortzi parte hartzaile izan dira aurten, azken ekitaldian baino hiru gutxiago, eta “nabarmen” irabazi du odolkigile beasaindarrak. Bederatzigarren txapela lortu dute, jarraian gainera. Urtebeterako Beasaingo odolkiaren ‘errege’ izendapena, garaikurra eta txapela eraman dituzte Juan Manuel Olano eta Loinaz Usabiaga senar-emazteek.
Beasaingo odolkia goresteko txapelketan, aurten herriko egileek hartu dute ia protagonismo guztia. Lau finalistetatik hiru bertakoak izan dira: Olano, Mujika Harategia eta Beasainmendiko Odolkiak (Montoia). Kepa Loidi oriotarrak soilik egin du zirrikitua ohorezko lekuetan, eta hirugarren postua eskuratu du.
Zortzi odolki aurkeztu dituztenak, aipatutako laurez gain, Arrasateko Joxean Izagirre, Zarauzko Gesalaga, Aiako Txerritxiki eta Zaldibiako Beheko Karnizeriko Sukia izan dira. Haiek dastatzen eta epaitzen lau lagun aritu dira, bi mahaitan jarrita: Arantxa Agirrezabala (Beasaingo Kattalin jatetxea) eta Aitor Arregi (Getariko Elkano jatetxea) mahai batean, eta Ane Urdangarin kazetari lazkaotarra eta Juan Manuel Garmendia beasaindarra (Fecoga Gastronomia Kofradien Federazioko lehendakaria).
Lehen errondan, mahai bakoitzean launa probatu, eta bina izendatu dituzte aurrerako. Finalean, denek dastatu dituzte lau odolkiak. Diferentzia espezieetan sumatu dutela argitu dute. Oro har, “oso ezberdinak” ziren odolkiak, epaileen iritzian, eta bakoitzak bere nortasuna edo izaera emateko bereizgarriak zeuzkan.
Sailkapena:
1. Olano harategia (Beasain), 90 puntu. Txapela, garaikurra eta Beasaingo odolkiaren ‘errege’ izendapena.
2. Mujika Anaiak (Beasain), 76,5 puntu.
3. Kepa Loidi (Orio), 73 puntu.
4. Beasainmendiko Odolkiak (Beasain), 68,5 puntu.
Bederatzigarren txapela jasota, oso gustura agertu dira oholtzara Loinaz Usabiaga eta Juan Manuel Olano irabazleak. Odolki txapeldunak asteazkenean egindakoak zirela argitu dute. “Guk oso espezie gutxi botatzen diegu. Oreganoa bakarrik, eta hori ere bertakoa. Pikante puntua piperminarekin eransten diogu. Besterik ez”, azaldu du Olanok. Puntuaketan alde dezentekora geratu da bigarrena, eta Olanok daukan nagusitasuna horrek bermatu du.
Sari ematearen aurretik, Kattalin erretegiko Juan Manuel Garmendia zena gogoratu dute. Beasaingo odolkiaren kofradiakidea zen hura ere, lehiaketa eta azoka-eguna antolatzen lan asko egindakoa. Martin Urkiolak lore sorta bat eta besarkada sentitua eman dizkio Arantxa Agirrezabala alargunari.
Gainontzean, odolkiaren aitzakian feria-giroa eta jan-edana izan dira nagusi eguartean Beasainen, Nafarroa etorbidean eta Gernikako Arbola plazako frontoian. Odolki pintxoak euro batean saldu ditu Beasaingo Odolkiaren Kofradiak –txapelketaren antolatzailea–, sagardo edo ardo tragoxkarekin batera. Jendetza arrimatu da, eguraldi goxoak lagunduta, hestebete beltza probatzera.
Jai giroa osatzeko, erraldoien konpartsak ibili dira kalejiran. 17 erraldoi elkartu dira gaur Beasaingo topaketan. Beasaingo pintura tailerrak ere jarri du mahaitxoa, Iban Aranburu irakaslea lehen aldiz buru zela. Haurrek egindako marrazkiak erakutsi eta saldu dituzte, ongintza helburuetarako. Argizpi argazkilari elkarteak antolatutako rallya ere goizean jokatu da. Argazkizale saldoa ibili da odolki lehiaketan, erretratatzeko ipini dizkieten bost gaietatik bat odolkia baitzuten.
Joxe Felipe Auzmendi aurkezleak bukaeran ekarri du paralelotasuna, pare-parera: “Futbolean hamaikak hamaikaren aurka jokatzen dute, eta beti Alemaniak irabazten du”. Gaur ere Olanok goian eutsi dio odolkigile kontsakratuaren makilari.
Odolki zaleek eta txerriki zaleek bihar igandea Mutiloan dute beste aukera bat, XIV. Txerri Azokan, 10:00etatik aurrera.
Argazkiak: Aimar Maiz